Europako Parlamentuko hauteskundeek parte hartze maila txikiena dutenak izan ohi dira, hortaz, alderdien ahaleginetako bat bozkaketa horren garrantziaz ohartaraztea da. Xabier Lukek Okendon batu direnei azaldu bezala, "agenda soziala baldintzatzen duten hainbat erabaki Bruselan hartzen dira". EH Bilduk babesten dituen ildotik joateko aukera izateaz gain, ustez gora egingo duen ultraeskuinarena, "neoliberala eta antisoziala" ez garatzeko ere garrantzitsua da. "Faxismoaren estrategia jendartean beldurra hedatu, beraien burua salbatzaile gisa agertu, eta ondoren, aginte autoritario eta antidemokratiko bat ezartzeko bidea irekita uztea da. Hori da ultraeskuinaren agenda", zehaztu du.
Era berean, politika sozialak lehenetsi beharrean "gerra eta militarismoa" lehenetsi nahi dutela gehitu du. "Badakigu bide horrek nora garamatzan, Ukraina edo Gazan ikusten ari gara", eta jarraian, Palestinako genozidioa gaitzetsi du: "Euskal Herria beti egongo da Palestinarekin".
Hortaz, hauteskundeotan jokoan "asko" dagoela gogoratu du eta denen ekarpena "ezinbestekoa" izango dela. "Mobilizatu behar gara Euskal Herriaren burujabetza prozesuan urratsak emateko, munduaren bakearen aldeko indarrak gailentzeko eta faxismoa gelditzeko".
Ondoren, Nerea Kortajarenaren txanda izan da. Apirileko emaitza historikoez mintzatuz hasi da “eguneroko lan militantearen emaitza” dela adieraziz. Aurretik egindako lanak ekarri dituela dauden lekura eta erreleboa ere balioetsi du.
Ahalegina egiteko eskatu die hautesleei, urtebeteko epean lau hauteskunde aurrera eraman direla kontuan izanda. "Hauteskunde ziklo luze batean azken hauteskundeak dira, horregatik da hain inportantea ziklo hau ondo eta borobil bukatzea”. Are gehiago egungo testuinguru "oso larrian". "Telebisatutako genozidio bat" ikusten ari gara eta Europa ez da planteamendu irmorik egiten ari, eskubideak murrizten ari dira eta herritarrek zailtasunak dituzte egunerokoan, politikas "austerizidak" martxan jarriko diren mehatxuak daude eta ultraeskuinaren igoera "oso kezkagarria" da.
Hori horrela, Europan egoteak duen garrantzia azpimarratu du, batetik, egunerokoan herritarren bizitzak goitik behera zeharkatzen dituzten erabakiak hartzen direlako, eta bestetik, nazio gabeko gainerako herrien moduan, "etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izateko eskubidea" aldarrikatzeko.
"Erantzukizunagatik besterik ez bada ere Orain Errepublikak edo EH Bilduren boto paperez bete behar ditugu kutxak. Argi dago abascaldarrak, salvinitarrak, melonitarrak... horiek denak joango dira bozkatzera, falta gabe. Horregatik, Euskal Herria antifaxistak, ezkerreko independentistak, denak, hutsik gabe, joan behar dugu bozkatzera".