"Hauteskunde hauek oso garrantzitsuak dira, askok uste dutena baino gehiago; Europaren etorkizuna dago jokoan", ohartarazpen horrekin hasi du Eneko Anduezak bere hitzartzea. Bai berak bai Mendia hautagaiak herritarrei helarazi nahi izan diote Europa, eta ondorioz, hauteskundeak zergatik diren garrantzitsuak. Finantza baliabideekin batera, politiken garapenean sakontzeko, kasu. Lan gehiago eta kalitate handiagokoa, finantzazio bide berriak, klima aldaketara egokitzeko legeak, garraiobide publiko merkeago, lotuago eta iraunkorragoa, gazteek etxebizitzara sarbidea izateko estrategia bat sortzea, osasungintza lotu, ikasleen mugikortasuna indartu, genero indarkeriaren aurkako borroka areagotu, arrazismoari eta diskriminazioari aurre egin... "Hori da Europa gehiago, horren alde borrokatzen dugu sozialistok".
Eta horri kontrajarri dio ultraeskuinak eta haren eskutik doan eskuinak dakarten "atzera egiteko arriskua". "Olatu erreakzionario" hori gelditzeko modu bakarra sozialistei botoa ematea da, Anduezaren ustez. "Ezin izango dute beraien autoritarismoa inposatu Europan berdintasunean oinarritutako ongizate estatua eraiki dugulako. Eta haien aurrean ez dago beste aukerarik, haien aurrean gu gaude".
XX. mendean gertatutakoa ezin dela ahaztu ere berretsi du Anduezak, "nahikoa gerra, estatu kolpe, diktadura eta terrorismo bizi izan dugu hori egin zutenei boterera itzultzen uzteko", amaitu du eta Idoia Mendia hautagaiari hitza eman dio.
Lehendakariorde ohiak hauteskunde hauek "erabakigarriak" direla errepikatu du, "Europa urruti dagoela badirudi ere, gure egunerokoaren parte" dela. Horrez gain, bozka ematera joateko beste arrazoi bat ultraeskuina gelditzea da. PP eta Voxen arteko aliantzak “sakoneko estrategia” direla salatu du Mendiak. “Ez dago ultraeskuin on bat eta txar bat, justizia soziala, emakumeen askatasuna, LGTB kolektiboaren eskubideak, etorkinak eta hedabideen askatasuna deuseztatu nahi duen ultraeskuina dago”; eta ildo beretik, zuritzen ahalegintzen ari diren Gloria Meloni Italiako agintariak hartutako zenbait erabaki nabarmendu ditu. "Gure marra gorria oso gorria da: ezezkoa ultraeskuinari, eskubideen murrizketari eta baiezkoa askatasunei eta demokraziari".
Hala, babesten dituzten zenbait neurriren gainean ere mintzatu da Mendia. Eskubide sozial eta lan eskubideetan aurrera egiteko asko dagoela uste du, besteak beste, langabezi aseguru sozial europarra, “egoera txarra denean, herrialdeek ez dezaten aitzakiarik jarri eta beren langileak babesgabetu, edo gutxieneko errenten direktiba bat pobrezia eta berdintasun ezaren aurka egiteko.
Herritarrei hauteskunde hauen garrantziaz jabetu eta bozkatzera joan daitezela eskatu die. "Europa berdea, sozialista, feminista eta denok babestuko gaituena babesteko".