Errugbia sustatzen daramatzan 40 urteak erakusketa batean islatu ditu Beltzak Errugbi Eskolak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 25a, 12:04

Goizean zabaldu ditu ateak Antonio Mercero aretoan eta ekainaren 2a arte, igandea, ikusgai izango da. Udaleko Kirol Zerbitzuko buru Goizalde Pildain izan da ekitaldian eta taldeko kideekin gainbegiratu du lau hamarkadetako ibilbidea laburbiltzen duen erakusketa. 

Lau hamarkada osatzea erraza ez den moduan, urte horiek laburbiltzea ere lan mardula da. Ahalegina egin dute Beltzak Errugbi Eskolako kideek eta lagin esanguratsuenekin ibilbide horren bilduma bat osatu dute.

Antonio Mercero aretoko hormetan argazkiak zintzilikatu dituzte, ezkerraldekoan lehen garaietakoak, Euskal Herriko Errugbi Eskola Independentea zenekoak, eta eskuinekoan, eskola bilakatu zenetik aurrerakoak. Gutxi batzuk besterik ez direnez eta aukeratzea kosta izan zaienez, pantailan beste asko pasatzen doaz. Ondoko mahaian, besteak beste, jokalari izandakoen fitxak daude, eta gelaren erdigunean, liburuak, oinetakoak, kamisetak, dokumentuak, lehen bandera, grabatu gabeko ereserkia... eta leiho aurrean kopa bat. 

Historia bitxia du garaikurrak. Lezo, Errenteria eta Lasarte-Orian jokatzen duten txapelketa hirutan irabazten zuenak beretzat hartzen zuen. Irabazi zutenek ospakizunean galdu zuten eta bi hamarkada geroago berreskuratu dute, behin-behinekoz. Erakusketaren ateak zabaldu dituenean bakarra zen, baina hari batuko zaio laster Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldeko 18 urtez azpiko taldeak goizean eskuratutako Euskal Ligakoa. 

1984an Euskal Herriko Errugbi Eskola abiatu zuteneko haurrak seniorrak dira gaur egun eta irudietan ikus daiteke Hipodromoan jokatu zen futbol amerikarreko partida, Iparraldean jokatutako norgehiagokak, hondartzan... Guztiek dute kokatzen duten azalpen bat. Leku berezia du Jesus Erro Castillok, Gipuzkoan 21 errugbi talde eratu edo eratzen lagundu zuena. Parez pare dagoen hormakoetan ere bada zer ikusi eta batzuek beren burua ikusiko duten moduan, Alex Saleta jokalari edo Jon Ibisate marrazaina ere topatuko dute.

Erakusketa ekainaren 2a arte, igandea, ikusteko aukera izango da. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:30era eta asteburuetan, 11:00etatik 13:00era. Bezperan, Izar Beltzak torneo jokatuko dute Atletico San Sebastian, Huescako Quebrantahuesos eta Beltza Lasarteorians/ZRT taldeek.