Ekimenez beteriko asteburuarekin ospatu du Aterpeak udaberria

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 25a, 21:40

Lau aste eskas falta dira uda heltzeko, baina urtaroak oraindik badu zer eman. Hala uste du Aterpea Merkatari Elkarteak eta ohiko moduan ospatzea merezi duela ere. Jarduera sorta aurrera eraman dute ostiral eta larunbatean herritarrak beren saltokietara erakartzeko eta herria bizirik mantentzen laguntzeko.

Pagotxaren bila edo eskaintza bereziak baliatu nahian, Aterpea elkarteko parte diren saltoki askotan erosteko pizgarriak izan dituzte eskura herritarrek. Horrekin batera, jarduera egitaraua ere atondu dute kideek beraien establezimenduetan aurrera eraman dituztenak. 

Ostiral arratsaldean Lilura liburu dendan, %5eko beherapenarekin eros zitezkeen Txano y Oscar eta Sara-Li  bildumako liburuak, eta haien egile Julio Santos eta Patricia Perez ilustratzailearen sinadurarekin etxera eraman. Jaizkibel plazako Dulce Tentacion goxoki dendan, berriz, irudimena landu zuten haurrek. Askotariko forma zuten irudiak margotu eta haiekin goxokiak apaindu zituzten dendaren atarian. 

Larunbatean ere izan da zer eginik. Saito Gimnasioko irakasleek dantzan jarri dituzte haur eta helduak Jaizkibel plazan egindako zunba saioan. Arkupe tabernan, berriz, bermutarekin egin dute hamaiketako. Handik ez oso urruti, Ormazabal Loradendaren proposamenak jana, edana, musika eta dantza batu ditu. Eguerditik hasita, erromeria egin dute Goiko kalen. Gaita doinuekin hasi eta bukatu dute tartean ordu eta erdiz dantza egin dute Ttirriki Ttarraka eskolako kideek eta Erketzekoek jarritako musikarekin. Dantzak eragindako beroari, eguzkiarena ere gehitu zaio. Freskatzeko aukera aproposa izan da Bereziartuako sagardoa. Hori gutxi balitz, 5 euroan txartela erosi dutenek paella bazkaltzeko abagunea izan dute. 

Arratsaldean, Buenetxea taberna batu da, David Moreno Upeltegiko ardoen dastaketa, pinxo dastaketa eta Radio Rebeldes Cover taldearen kontzertuarekin. Arkupen, berriz, Txili Pipar eta Mandragora Negra taldeek egin dute emanaldia.

Horrez gain, bai goizez bai arratsaldez txu-txu trena ibili da herriko kaleetan barrena. Ilara luzeak osatu dira Geltoki kalean bertara igo eta ibilbidea egiteko.

Erlazionatuak

Txu-txu trena ibili da herrian barrena

Txintxarri Aldizkaria mai 26 Kultura