Ostadarrek 2024-25 denboraldiko inskripzioa irekiko du ekainaren 1ean

Txintxarri Aldizkaria 2024ko maiatzaren 27a

Arg.: Ostadar SKT.

Ostadar SKTko atal ezberdinak 2024-25 denboraldia prestatzen hasi dira eta taldeetako inskripzioa irekiko dute ekainaren 1ean

Kirol egokitua eta inklusiboa, saskibaloia, boleibola, atletismo, errugbia edo futbola, horietako kirolen bat egin nahi duten haur eta gazteek ekainaren 1etik aurrera izena eman dezakete kirol elkarteko webgunean (www.ostadarskt.eus). Inskribatzeko azken eguna ekainaren 16a da

Talde urdin-beltzeko arduradunek jakitera eman dutenez, taldeak osatzen direnean entrenatzailea edo koordinatzailea jarriko da harremanetan interesdunarekin, zein taldetan jokatuko duen jakinarazteko. 

Horrez gain, Ostadarreko bulegoan (Geltoki kalea, 4), astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:00etara argituko dira zalantza guztiak.

Azken festa

Inskripzioko lehen egunak bat egingo du Ostadarreko denboraldi amaierako festarekin. Talde urdin-beltzeko atal ezberdinak Oriarte Landaberri eraikineko patioan batuko dira 11:00etan. 

Jolasek emango diote hasiera jaialdiari eta ostean, atal bakoitzak jokalari jatorrenei sariak emango dizkie. Ostadar SKTk, urtero moduan, Auzolan zein Herriko Kirolari Onenaren Saria ere banatuko ditu. 

Eta emanaldiari amaiera emateko, 13:00ak aldera, Beltzak RTko kideek prestatutako hirugarren denboraz gozatuko dute.