Ostadarreko jubenilak derbia irabazi eta igoerako kanporaketa jokatuko du

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 24a, 13:00

Futbol taldeak mailaka ari dira denboraldia amaitzen. Gehienek hilaren 18-19ko asteburuan eman diote amaiera. Azken jardunaldi horretan, jubenil mailako igoeran Texas Lasartearra CF-Ostadar B izan zen

Neurketa borrokatua jokatu zuten hilaren 19an Texas Lasartearra CF eta Ostadar B jubenil taldeek Michelin kirol gunean.

Lehen zatian Ostadar aurreratu zen penalti bidez markagailuan, baina Texas Lasartearrak ez zuen amore eman eta neurketari itzulia ematea lortu zuen 43. minutuan 1-2koa lortuz.

Atsedenaldiaren ostean, Ostadarrek berdinketa egin zuen. Bi taldeek aukerak sortu zituzten, baina talde urdin-beltzak lortu zuen beste bitan zuri-urdinen atea zulatzea eta 2-4 amaitu zen lehia. 

Multzoko bigarren amaitu du Ostadarrek lehia buru izan den Antigua Luberri KEtik bi puntura; Texas Lasartearra, aldiz, hirugarren izan da. Talde urdin-beltzari liga eskuratzeko aukerak ihes egin badio ere, jubenil taldeak Gorengoen Mailara igotzeko aukera du eta Urola KEren aurka egin beharko du borroka joan-etorriko kanporaketan.

Ostadar Gorengoen Erregionala ere egoera berean da. Orioko 0-2 gainditu zuen Jon Iruretaren taldeak, baina Vasconiak ere garaipena eskuratu zuen eta bigarren amaitu du fasea. Hala ere, igotzeko aukera du; Aloña Mendi izango du aurkari lehian.

Eta bada oraindik liga amaitzeko duen talde bat ere, Ostadarren Erregional Ohorezkoa. Aurreko jardunaldian Goierri Gorriren aurka 3-0 galdu ostean, sailkapen buru den Mariñoren aurka neurtuko ditu indarrak Leire Garciaren taldeak. 

Gainerako taldeak

Gainerako taldeek denboraldia amaitu dute eta gehienek aurkako emaitza izan zuten azken neurketan. Ostadarreko Ohorezko jubenilak bakarrik eskuratu zuen garaipena; Beti Gazte 1-0 garaitu zuen.

Erregional I. mailako Texas Lasartearrak 4-2 galdu zuen Hernani B-ren aurka. Maila bereko kopan Axular Lizeoa 2-3 gailendu zitzaion Ostadarri. Jubenil I. mailako Gipuzkoako kopan Kostkasek 1-3 irabazi zion Ostadarri. Ohorezko Kadete mailan, Oriokok 1-0 garaitu zuen Ostadar eta kadete I. mailako Gipuzkoako kopan Euskalduna eta Tolosa gailendu zitzaien Ostadar eta Texaseko ordezkariei. Infantil txiki mailako txapeldunen fasean ere Billabonak 2-3 irabazi zuen Ostadar.