Herriko igerilariak ederki jardun ziren Irun eta Ordizian

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 24a, 12:15

Martin ahizpak eta Buruntzaldea IKTko kideak, sariekin. Arg.: Bidasoa XXI / Buruntzaldea IKT.

Herriko igerilariek San Marcial Saria eta Eskola mailako Gipuzkoako Txapelketa Igerilari osoa proba

San Marcial saria lehiatu zen hilaren 18an Irungo Azken Portu igerilekuan. Buruntzaldea IKTko hamahiru ordezkariez gain, Bidasoa XXI taldeko Leire eta Ainhoa Martin ahizpak ere izan ziren lehian. 

Ederki jardun ziren guztiak eta hamazapi marka pertsonal ondu zituzten. Euskal Herriko zein Espainiako Udako txapelketarako gutxieneko berriak ere izan ziren.

Hauek izan ziren nabarmentzeko markak:

  • Kimetz de la Cruz: 50 m. bizkar, 31,90 eta 200  m. bizkar, 02.23,13; biak Euskal Herriko Udako txapelketarako gutxienekoak. Eta proba luzeko 100 metroko pasean, 01.10,30.
  • Iker Gorostegui: 200 m. bizkar, 02.20,44; Euskal Herriko txapelketarako gutxienekoa.
  • Mario Amantegi: 400 m librean, 04.28,38, proba horretako 200 metroko pasean, 02.11,24 eta 100 m. libre proban lehen aldiz, 60 segundotik behera, 59,62.
  • Oihan Matute: 400 m. libre, 04.25,47; estatu mailako txapelketako gutxienekotik segundo eta erdira geratu zen.
  • Ane Meyer: 100 m. bular, 01.50,96 eta 50 metroetako pasean, 51,12.
  • Iñaki García: 100 m. bular, 01.10,24 eta 200 m. lau estilo 02.16,40; biak estatu mailako txapelketarako gutxienekoa. Eta bular erako 50 metroko pasean, 33,81, Euskal Herriko Udako gutxienekoa.
  • Nora Miguelez: 200 m. lau estilo, 03.04,93.
  • Amaiur Iparragirre: 200 m. libre, 02.35,80.
  • Miren Sarobe: 200 m. bizkar, 02.36,20; Euskal Herriko Udako gutxieneko berria.

Gainera FINA puntuen arabera, Martin ahizpak zein igeriketa taldeko infantilak podiumera igo ziren. Leire eta Ainhoa absolutu mailako lehen eta sailkatuak izan ziren eta infantil mailan, aldiz, Buruntzaldea IKTko Iñaki Garcia, Oihan Matute eta Mario Amantegi izan ziren lehen hirurak, hurrenez hurren.

Igerilari osoa

Egun bat geroago, Ordiziako Majori kiroldegiko igerilekuan, Eskola mailako Gipuzkoako Txapelketa Igerilari osoa proba lehiatu zen. Neska eta mutilak bildu ziren bertan euren onena emateko eta horietako bat izan zen, Buruntzaldea IKTko Kerman Miguel.

Estilo ezberdinetako lau probatan egin behar izan zuten igeri gaztetxoek: 50 m. tximeleta, 100 m. bizkar, 100 m. bular eta 100 m. libre. Miguelek gogotsu egin zion aurre erronkari eta "lehia bikainak eskainiz", bere markak ondu zituen guztietan:

  • 50 m. tximeleta, 48,44.
  • 100 m. bizkar, 01.38,98.
  • 100 m. bular, 01.49,45.
  • 100 m. libre, 01.35,27.

Taldeko kidea ezin izan zen podiumera igo, baina prestatzaileak gustura daude Kermanek egindako probekin, baita lehiaketa osoan zehar izan zuen jarrerarekin ere.

Kerman Miguel, txapelketako momentu batean. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Euskadiko Kirol Jokoak

Buruntzaldea IKTko lau kideek ez dute atsedenik izango asteburu honetan. Itxaso Iparragirre, Oier Jauregi, Ander Martinez eta Liher Albizu Gipuzkoako ordezkari izango dira bihar, hilaren 25ean Basaurin (Bizkaia) lehiatuko den Euskadiko Eskolarteko 41. Kirol Jokoetan.