Euskararen aukerak eta erronkak eztabaidagai, Borobilean

Maitane Aldanondo 2024ko mai. 23a, 17:34

Euskararen osasuna aztertu, egindako bidea gainbegiratu eta bai indarguneak bai ahulgunean atzemateko ariketa egin zuten asteazken arratsaldean Borobilean ekimenak antolatutako solasaldian. Horien gainean Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek, Galtzaundi Euskara Elkarteko Igor Agirrek eta Ttakun Kultur Elkarteko Haritz Salaberriak esateko zituztenak entzuteko eta iritziak partekatzeko 25 lagun batu ziren Oriarte Institutuan. 

Egitasmoko Ixiar Arteagak eta Joxe Mari Agirretxek dinamizatu zuten saioa. Arteagak partaideak aurkeztu zituen bakoitzaren hitzartzeren aurretik. Lehena, Eskisabel izan zen. Atzera egin eta egungo egoera testuinguruan kokatzen hasi zen, balioetsiz euskararen normalizazio eta biziberritze bidean egindako lana, gehienbat herri ekimenetik. Horri esker, duela 50-60 urte "pentsaezina" zen egoerara heldu bada ere, orduko zenbait hipotesi ez dira erabat bete, bereziki, belaunaldi berrien euskalduntzeak erabileran isla izango zuela. Arrazoietako bat hizkuntza minorizatua izatea denez, prestigiatzearekin edota erabilera sozialaren gidaritzarekin zerikusia duten politikak behar direla nabarmendu zuen.

Diagnosiaren beste aldagaietako bat hamarkada hauetan mundua bera ere aldatu izana da. Globalizazioak eta pantailek hizkuntzekiko harremanak eraldatu dituzte, hegemonikoen indartzea eta minorizatuen ahultzea ekarriz. Izan ere, Kontseiluko arduradunak azaldu zuenez, ingelesari aurre egin eta "beren kultur komunitateak indartzeko eta bermatzeko" Estatuek inbertsio handiak egin dituzte ikus-entzunezkoarekin eta digitalizazioaren zerikusia duten tresnerian. Aldi berean, Frantziako eta Espainiako sare instituzionalak "joera eta jarrera supremazista" du hizkuntza minorizatuekiko, egungo oldarraldi judizialean isla duena. Horren bidez euskararen aldeko hizkuntza politikarako tresneria "deseraikitzen" ari da. 

Auzi politikoa

Horrek guztiak dakartzan erronkei aurre egiteko Eskisabelek beharrezkotzat jo zuen "ardatz politikoan jartzea hizkuntzaren auzia", betiere, alderdikeriaz erabili gabe; baita "gizarte auzi garrantzitsu" bat dela adieraztea ere. Alegia, euskararen normalizazioan eta biziberritzean aurrera egin ezean, "gizarte kohesioan atzera" egingo dela.

Hizkuntz politiketan "jauzi bat" egiteko garaia dela uste du, eta horretarako "akordio berri bat" lortu behar dela. Kontseiluak uste du akordio horren muina ezagutzaren unibertsalizazioa dela, konpromiso zibiko gisa ulertua. Horretarako, ordea, "konplexuak" alde batera utzi behar dira. Herri aktibazioa presente izatea "oso garrantzitsutzat" jo zuen idazkari nagusiak, eta bide horretan, "oso interesgarria" dela saretzea, indar metaketa edo tokian tokiko bilguneak sortzea. 

Idurre Eskisabel: "Hizkuntza minorizatuek mundua daukagu kontra, baina gure buruak eta hizkuntzak ditugu alde"

Egoeraren deskribapena ezkorra bada ere, Globalizazioak ekarritako joerek "komunitatearen eta erroen beharra" eragin dutela adierazi zuen Eskisabelek, abagune baikor bat sortuz. "Hizkuntza minorizatuek mundua daukagu kontra, baina geure buruak eta hizkuntzak ditugu alde. Komunitatea eta bestelako bizimodu batzuk sortzeko motor eta bultzada moduan".

Gazi-gozoak

Aktibazioari helduta, horretan diharduten bi talderen ahotsa eman zuten Agirrek eta Salaberriak. Tolosan euskararen kale erabilera hazi egin da –1985ean %29 izatetik egungo %53ra– eta horren sekretuak partekatzeko gonbidatu zutela esan zion Agirretxek Agirreri, erdi brometan. "Formula magikorik" ez badute ere, lau gako zehaztu zituen. Lehena, eskualdearen garrantzia. 28 udalerriz osatua, beti euskaraz bizi izan diren horietako asko; eta Tolosarekin elkarreraginean, "arau sozial" hori transmititzen ari dira; bigarrena, duela 20-30 urte herriko ikastetxe guztiek D eredua ezarri izana; hirugarrena, euskalgintzaren jarduna eta bestelako elkarteek ere euskaran eragiteko eginbeharra bere gain hartu izana; eta azkenik, erakundeen eta Tolosako Udalaren inplikazioa. "Emaitza hori ez da azken urteotan egin den lanaren ondorioa, baizik eta 1985etik datorren olatu batean, akaso, punta", zehaztu zuen Agirrek. 

Aurpegia Tolosa bada ere, ifrentzua eskualdean du. Izan ere, Tolosaldearen egoera ez da "hain desiragarria". Arnasgune diren herrien duela 40-50 urteko daturik ez badute ere, susmoa dute "askoz hobeak" zirela eta zenbait hizkuntza gatazka agertzen hasiak direla. "Tolosaren fenomenoa eskualdean gertatzen ari da, hori neutralizatu behar da". Baikor amaitu nahi izan zuen, hala ere:   "100-150 urtean lehen aldiz gure eskualdeko herri guztietako kaleetan hizkuntza nagusia euskara da".

Herrira etorrita, erabilera "estankatu" dela badirudi ere, Salaberriak azpimarra egin zion erdietsitakoari. "Lasarte-Oriak badu munduari zer erakutsia. Hona iritsi dira komunitate diferenteetatik eta komunitate propio bat sortu behar izan da, hizkuntza erdian kokatuta. Euskara ez da indartsuen dagoen hizkuntza, baina badu erreferentzialtasuna". Edonola, egitekoak ez dira falta. Erabileran fokua jartzen ari bada ere, oraindik eremu guztiak euskalduntzeko saiakeran jarratu behar dela ohartarazi zuen ere. "Lehenik, noan tokira noala aukera izatea, eta bigarrena, komunitatearen parte izatea eta nahi izatea". 

150 urtean lehen aldiz Tolosaldeako udalerri guztietan kale hizkuntza nagusia euskara da

Ttakun erreferentea da herriko euskalgintzarentzat, eta erantzun beharreko barne erronkez gain, bertan eduki beharreko lekua ere erabaki beharko du. Hausnarketa partekatua izan ordutik aurrera, herriko elkarteen arteko bilguneak eratzeko aukera proposatuz. Agirretxek, esaterako, euskaraz funtzionatzen duten elkarteak "saretu, sendotu, diagnostikoa partekatzea eta parte sentitzea" faltan botatzen du. Zenbait herritan udalek sustatu dituzte halako dinamikak, baina Salaberriaren esanetan, "erakundeek baliabideak eta erraztasunak eman beharko lituzkete, baina lidergoa, konpartitua edo bestelakoa izan beharko litzateke". 

Zerbait egiteko beharrean adostasuna izan arren, nola egin da erabaki beharrekoa. Agirreri eskatu zioten Tolosaldeko Euskararen Mahaiaren nondik norakoak azaltzeko. Nahi zuten guztia lortu ez badute ere, "konplexurik gabe", eskaera eta proposamen ausartak egitea garrantzitsua dela gehitu zuen.

Ikasturteari, agur

Borobilean ekimenaren ikasturteko azken saioa izan zen asteazkenekoa. Antolatzaileak pozik daude egindako ibilbidearekin eta solasaldietara joandakoekin batera, elkarrekin, egin izana balioetsi zuten azken eztabaidari ekin aurretik. Irailean Joseba Sarrionandiarekin aritu ziren komunikazioaz, hilabete geroago, zaintzan sakondu zuten horretan dabiltzan herriko zenbait langilerekin, eta osasun sistema publikoaren osasuna aztertzeri heldu zioten ondoren. Gizonek parekidetasunaren bidean topatzen dituzten korapiloez hausnartu zuten otsailean eta belaunaldi ezberdinetakoak emakumeak batu zituzten martxoan. Azken aurreko topaketan, Lasarte-Oriak gaztetxe bat behar ote duen galdetu zieten gazteei. Orain artekoa "bide oso interesgarria" izan dela gehitu zuen Arteagak eta hala jarraitzeko nahia gehitu. "Betiere, elkar entzuteko helburuarekin, eta jakinik, horrela hazi eta aberastu egiten garela".