Ostadar Boleiboleko infantil A eta senior taldeak, Gipuzkoako txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 22a, 14:00

Infantil mailako A taldea garaipena eta titulua ospatzen. Arg.: Ostadar Boleibola.

Ostadar Boleibol atala pozarren dago. Infantil mailako Ostadar A eta Senior mailako taldeak Gipuzkoako txapeldun titulua eskuratu dute

Infantil mailako taldeak hilaren 18an jokatu zuen bere mailako finala, Donostiako Pio Baroja kiroldegian. Aldapeta Maria Berdeak taldea izan zuen aurrez aurre eta neurketa borrokatua izan zen. 

Talde urdin-beltzak lehen seta 29-27 galdu zuen arren, ongi erantzun zuen hurrengo jokoetan eta ederki jokatuz 1-3 (22-25, 17-25 eta 21-25) gailendu zen.

Ane Theus eta Nora Caspistegi entrenatzaileek garaipena eskuratzeko sufritu behar izan zutela onartu dute, baina harro daude taldeak denboraldian zehar egin duen lanarekin.  

Senior mailako taldeak, aldiz, azken jardunaldian atseden izan zuen. Cristiana Hardmanen taldea aurkarien emaitzen eta aurreko asteetako emaitzen eguneraketaren zain egon da; matematikoki sailkapeneko buru da eta Gipuzkoako txapeldun. 

Euskadiko Kirol Jokoak

Ostadar Boleibol ataleko bi ordezkariek hilaren 25ean jasoko dute garaikurra, Donostiako Pio Baroja kiroldegian. 

Alabaina infantil taldea ezin izango da bertan egon, Euskadiko Kirol Jokoak lehiatzen izango baita. Ostadarrek Gipuzkoako ordezkari modura egingo du borroka Bizkaiko eta Arabako taldeen aurka, Getxon (Bizkaia).