Herriko atletek dominen poltsa betetzen jarraitzen dute

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 22a, 13:30

Ezkerretik eskuinera, Nahia Garcia, Ameli Flores, Eider Redondo eta Mari Carmen Olaso, podiumetan. Arg.: Ostadar Atletismoa/ G. Redondo/ M. C. Olaso

Lasarte-Oriako atletek ez dute atsedenik. Hilaren 18an eta 19an ere, hitzordu ezberdinak izan zituzten eta podiumera igo ziren

Infantil eta alebin mailako kirolariek proba konbinatuetako Gipuzkoako txapelketari egin zioten aurre Zumarragan;  Ostadar SKTko hiru kide izan ziren podiumetan.

Alebin mailan 60 m. lasterketa, luzera jauzia eta pisu jaurtiketa probak gainditu behar izan zituzten gaztetxoek. Horien artean, talde urdin-beltzeko Amelie Flores (1328 puntu) eta Nahia Garcia (1210 p.) lehen eta bigarren sailkatu ziren, hurrenez hurren eta Oier Jauregi taldekidea (816 p.) laugarren izan zen.

Infantil mailan, aldiz, 80 m. eta 80 m. hesi lasterketak, luzera jauzia eta pisu jaurtiketa izan ziren probak. Ostadarreko Eider Redondok erregulartasun handia erakutsi zuen eta probetan lehen postuetan sailkatuz, urrezko domina jantzi zuen.

Lehia eta markak

Egun bat lehenago, Donostiako miniestadioan, maila ezberdinetako 3 km. lasterketako Gipuzkoako txapelketa lehiatu zen, baita proba libreak eta egokituak ere.

3.000 metroko lehian Mari Carmen Olaso herritarra izan zen. 13.36,77 marka eginez, master mailako zilarrezko domina jantzi zuen.

Proba libretan, aldiz, nabarmentzekoak dira Ostadar SKTko Iugatz Almagork 100 m. lasterketan (12,93) eta June Garciak (5,21 m.) luzera jauzian egindako markak. 

Hitzorduak

Herriko atleta gazteek hurrengo asteburuan ere lehiaketa izango dute. Euskadiko Kirol Jokoak lehiatuko dira Basaurin (Bizkaia) hilaren 25ean eta Gipuzkoako selekzioak lau herritar deitu ditu: Ostadar SKTko Eider Redondo, Lua Ferrera eta Ikera Ibeas eta Atletico San Sebastian taldeko Hodei Murgiondo.

Redondok luzera jauzi proba eta 4x80 m. erreleboan parte hartuko du; Ferrerak 3 km. martxa proban lehiatuko da; Ibeasek altuera proba egingo du eta Murgiondok 80 m. hesi lasterketa.