Intzako pilotariek txapelketetan aurrera egingo dute

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 22a, 13:00

Pilota txapelketa denboraldia ere amaitzen doa eta Intza Kirol elkarteko kideek lehia ezberdinetako azken jardunaldiak jokatu dituzte; Itxaso Iparragirre eta infantil 2. mailako bikotea hurrengo faserako sailkatu dira

Emakumezko infantil mailako Gipuzkoako txapelketa lehiatzen ari den Itxaso Iparragirre dugu horietako bat. Hilaren 18an Abantzuko Mantxo gainditu zuen Michlein kirol guneko pilotalekuan. Herritarra nagusitasunez 2-0 (8-0 eta 8-0) gailendu zen. Iparragirrek ez du neurketarik galdu lehiaketan eta ekainaren 6an jokatuko du azken jardunaldia Oiarpeko Galardiren aurka. Lehia horretan erabakiko da multzoko lehen nor den. Hala ere, txapelketako finalerdietarako txartela du dagoeneko pilotari gazteak.

Infantil 2. mailako Intza 1 ere Udaberri txapelketako final zortzirenetan dago. Markel Lopez eta Oier Jauregi ere nagusi izan dira neurketa guztietan eta euren multzoko lehen sailkatu bezala egingo dute aurrera. Hilaren 24an, 19:00etan, LAPKEren aurka jokatuko dute partida finalerako bidean.

Txapelketa horretan borrokatu diren infantil 3. mailako zein 2. mailako Intza eta Intza 2 bikoek ezin izan dute aurrera egin ezta senior mailan Lau t'erdiko lehian aritu diren Haritza Diaz De Gereñuk eta Jon Pello Artetxek ere.