18 urtez azpiko Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak Euskal Ligako finalean da

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 22a, 11:30

Beltzak RTko harrobiko jokalariak, Jose Mari Nuñez entrenatzailearekin. Arg.: J. Sanchez.

Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldeko 18 urtez azpiko taldeak Euskal Ligako finalerdia gainditu du eta finalean da. Cumenor Elorrio/Arrasate taldea izango du aurkari hilaren 25ean, Altamiran.

Maiatzaren 27an Astin joaneko neurketa 24-19 irabazi ostean, etorrikoari aurre egin zioten Getxoren etxean, Fadura zelaian. Bizkaian jokatutako partida borrokatua izan zen. Bi taldek gogor egin zuten lan defentsan eta bi zigor ostikori esker, markagailuari itzulia eman eta garaipena eskuratu zuten beltzek, 22-26.

Lasarte-Oriako Beltzak harrobiko lau jokalari izan ziren bertan jokoan edo aulkian: Lander Zabala, Eneko Sanchez, Joanes Arroyo eta Efren Real.

Hilaren 25ean, Euskadiko txapela eskuratzeko Cumenor Elorrio/Arrasate taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Ordiziako Altamira zelaian, 11:40tik aurrera. 

Urteurrena

Lasarte-Oriako Beltzak RT taldeak 40 urte betetzen ditu aurten eta hurrengo asteetan hainbat ekitaldi antolatuko ditu ospatzeko.

Lehena erakusketa bat izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, talde independente modura jokatzen zuenetik gaur egunera taldearen garapena eta hazkundea ikusteko baliagarri izango dira irudiak. 

Erakusketa maiatzaren 25etik ekainaren 2ra egongo da ikusgai Antonio Mercero gunean asteburuetan 11:00etatik 13:00etara eta astean zehar, 18:00etatik 20:30era.

Bigarrena ekainaren 1ean izango da. Goizean errugbie eskolako kideek errugbian familian egingo dute eta arratsaldean, aldiz, Izar Beltzak oroimenezkoa jokatuko da.