Euskaraz kantari aritzen diren taldeetako hiruk elkarrekin ehundutako sarea sendotu dute, Zarautzen egunpasa eginda. Egunean zehar makina pieza bat kantatu zituzten: hunkigarrienetako bat, Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean, azken urteetan hil diren koruetako kide ohien omenez.
Larunbat honetan estreinatuko duten Lasartoria 2074 ikuskizunaren emanaldian parte hartuko du Xumelak, hiru abesti kantatuta. Ekainaren 7an, berriz, Boise hiriko (Idaho, AEBak) euskal etxeko abesbatzari harrera egingo dio. 19:00etan emanaldia egingo du sagardotegi plazan eta ondoren Ttakuneneara joango dira guztiak elkarrekin, pintxo-afaria egitera.