Oinezko protesta egin dute erraustegiaren itxiera eskatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 18a, 17:01

Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta, 50 bat lagunek osatu dute larunbat goizean Okendo plaza eta Zubietako erraustegia arteko bidea. Oinezko martxa 11:00etan irten da eta helmugan adierazpena egin du taldeko kideetako batek. Kamiseten salmenta postuaz gain, plataformari eta salaketa honi buruzko erakusketa jarri dute abiapuntuan, eta bertan ikusgai izan da goizean zehar. 

Ezarritako ordua baino minutu batzuk lehenago manifestariak plazan elkartzen joan dira. Salmenta postu batean, erraustegiaren aurkako aldarria zuten kamisetak erosi dituzte batzuek; beste batzuek, aldiz, mobilizazioaren aurretik eta ondoren ere plazan ikusgai egon den azken bi hamarkadetako borroka islatzen duen  erakusketa gainbegiratu dute. 

Plazatik irten dira eta Kale Nagusian barrena joan dira erraustegira bidean. Errausketaren aurkako zenbait oihu egin dituzte partaideek, eta gehienek, azpiegituraren aurkako banderadun makilak eraman dituzte. Helmugan irakurri duten idatzian beste behin eskatu "erraustegi zikin, arriskutsu eta garesti" horren itxiera.

Aurretik eskerrak eman dizkiete bertaratutakoei, mobilizazioan parte hartzeagatik eta "batetik eta bestetik bultzaka" erraustegiaren "egia ezkutuak" argitara ateratzen ari direlako. 

Zubietan sortutako "hondakin arriskutsuak" nola banatzen diren azaldu dute.

  • Lixibatutako likidoak "behin eta berriro" agertu dira Arkaitzerrekan. "Hortxe dago erreka erreta, arrai eta gainerako bizidunak hilda".
  • Zabor zati bat, 5.500 tona, berriz, "modu ilegalean" Artaxoara (Nafarroa) bidali dituzte, Nafarroako Gobernuak debekatu arte, eta geroztik, Bizkaira bidaltzen hasiak omen dira.
  • Errauts oso toxikoak Santovenia del Pisuergara doaz, 330 kilometrora.
  • Erretako tona guztien %23 zepa edo eskoria bihurtuta ateratzen dela labetik eta horiek "inguruko zementu fabriketan banatzen dituzte, gero, etxe, eraikin publiko edo gainerako azpiegituretan sartuta uzteko.
  • Beste "zabortegi" handia atmosfera da. Milaka tona CO2 eta bestelako negutegi gasen "igorle nagusia da Gipuzkoan", erraustegiak, gainera, inguruan sakabanatzen ditu oso kutsakorrak diren dioxinak, furanoak, metal astunak eta PIFAS edo kutsatzaile eternoak. 

Hortaz, plataformako kideen esanetan, herritarrak bihurtu dituzte "Gipuzkoako hondakinen azken zabortegi: hemen bizi garen edo ondoko urteetan biziko diren pertsonak, animaliak, landareak eta natura osoa". 

Ikerketaren datuak

2019an Herbehereetako ToxicoWatch fundazioak ikerketa abiatu zuen erraustegiak inguruan zabaltzen duen kutsaduraren gainean. Bost urteren ondoren, datorren astean aurkeztuko dituzte emaitzak. Mugimenduak aurreratu duenez, emaitzak "oso kezkatzekoak" dira, lurzoruan, uretan, goroldiotan, landareetan eta oiloen arrautzetan nabari baitira dioxina, PCB, metal astun eta PIFAS kutsatzaileen igoerak. Hilaren 23an, osteguna, Hernanin, eta hilaren 27an, astelehenean, Usurbilen ezagutaraziko dituzte emaitzak. Halaber, Internet eta hedabideen bidez ere zabalduko dituzte.