Biharko martxan parte hartzeko deia egin du Aire Garbia plataformak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 17a, 12:51

Zubietako erraustegira martxa egingo dute bihar goizean Okendo plazatik abiatuta, 11:00etan. Errausketaren Aurkako Mugimenduak antolatutako ekimenean parte hartzeko deia egin du herriko Aire Garbia plataformak.

Eragile horretako kideek adierazi dute "oso une egokian" izango dela martxa, Gipuzkoako Foru Aldundia "erraustegiaren gaineko eztabaida publikoa behin betiko ixteko ahalegintzen ari denean, enegarrenez". Horren harira, azpimarratu dute lasarteoriatarrek ez diotela amu horri heltzen eta hori "berriro erakusteko aukera" izango dutela bihar.
 
"Mirari produktu bat balitz bezala saldu ziguten erraustegia, eta, horrelako egitasmo guztiak bezala, lehenbiziko momentutik beretik hasi zen bere gabeziak agerian uzten", adierazi dute. Biharko ekintza Errausketaren Aurkako Mugimenduak antolatu du eta Donostia Bizirik, Eguzki nahiz Ekologistak Martxan eragileek babestu dute.