Hipodromoko Udako lasterketen egitaraua onartu da

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 17a, 13:00

2023ko udako denboraldiko lasterketa. Arg.: Isaac Farré Rico.

Donostiako Hipodromoko Udako denboraldia ekainean hasiko da. Espainiako Jockey Klubak hamahiru jardunaldi eta 67 lasterketako egitaraua onartu du. Guztira 808.400 euro sari banatuko dituzte

Ekainaren 6tik irailaren 12ra zaldi lasterketen zaletuek Hipodromoko Udako denboraldiaz gozatzeko aukera izango dute.

Espainiako Jockey Klubak sasio honetako egitaraua onartu berri du eta bertan jardunaldi zein lasterketa kopurua zehaztu da. Guztira hamahiru jardunaldi izango dira eta 67 lasterketa. Hau da, egun bakoitzean bost lehia izango dira uztailaren 14an eta abuztuaren 15ean izan ezik; horietan sei izango dira.

Ekainaren 6ko goizeko saioa igande arratsaldeetako jardunaldi garrantzitsuen aurrekari izango da. Horiek uztailean hasi eta irailera arte iraungo dute. Badaude salbuespen batzuk, abuztuaren 15a eta irailaren 12a osteguna dira eta abuztuaren 23a ostirala. Azken egun horretan gainera goizean egingo dute lasterka zaldiek.

Sariei dagokionez, abuztuaren 15eko Urrezko kopaz gain, Eusko Jaurlaritza Sari Nagusia, Nazioarteko Kriteriuma, Donostiako Sari Nagusia eta Behorren Sari Nagusia izango dira proba garrantzitsuenak. Lasterketa guztien sariek 808.400 euroko zenbatekoa batzen dute.