Ikaragarrizko giroa topatu du TXINXTARRI-ko kazetariak Jaizkibel plazara iritsi denean; Oholtza eta guzti, eta hortik, bertaratutako lasarteoriatarrak dantzatzera anima zitezen lan bikaina egin du Lorena San Emeteriok. Berarekin batera DJ bat ere aritu da; bera arduratu da giroari musika jartzeaz eta bien artean herritar asko erakarri dituzte dantzara. Gogoz astindu dituzte gorputzak. Realeko jokalariei animo eta indarra bidaltzea zen helburua, eta zinez lortu dute. Festara bat egindakoen artean izan dira Realeko jokalari ohi Oihana Galdona, Javi Olaizola, Itsaso Garcia, Mikel Loinaz eta Alberto Gorriz.
Halako batean, hiruzpalau buruhandi agertu dira plazan, eta han eta hemen ibili dira gaztetxoen bizkarrak astintzen. Eszenatokitik xaboi burbuilak nork harrapatuko jolasean ere ibili dira asko, eta, izan da, baita ere, antolatzaileek agertokitik botatako oparitxoren bat edo beste harrapatzea lortu duenik.
Ezustekoak, bata bestearen atzetik
Realeko jokalarien eskertza mezu bat entzun ahal izan dute plazan bildutakoek, eta festarekin aurrera egiteko, danborrak hartu du oholtza. Realaren ereserkia eta Lasarte-Oriakoa jo dituzte.
Giro aparta izan da nagusi, eta, bultzada horrek garaipenerako balioko duen jakin ezin daitekeen arren, indarra, behintzat iritsiko da Zaragozara.