XVI. UDALTOP

Tresna gehiago sartzen ari dira euskararen kutxan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 16a, 12:32

Ohi bezala, galdera formatuan planteatu dute aurtengo Udaltopeko gaia: 'Nola erakarri etorri berriak euskarara? Eta, euskaldunok, nola hurbildu etorri berrietara?'. Gaur goizean goizetik hasi eta bihar eguerdira arte gogoetagai horien bueltako oinarri teoriko, ikerketa eta praktika onak elkartrukatzen ari dira parte hartzen ari diren 300 bat pertsonak.

"Batere ohikoa" izaten ez den argazki batekin ekin diote XVI. Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketei, Ihintza Arrieta aurkezleak azaldu duenez: "Euskal lurralde osoko erakundeetako ordezkariak fisikoki bat egin dute gaur hemen; hori bada Udaltopen erakarpen gaitasunaren adibide". Oholtza gainera igo dira Agustin Valdivia eta Jon Antxordoki (Lasarte-Oriako Udala), Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritza), Jabi Arakama (Nafarroako gobernua), Joseba Erremundeguy (Euskal Elkargoa), Eider Mendoza (Gipuzkoako Foru Aldundia), Lexuri Ugarte (Arabako Foru Aldundia) eta Isaac Amezaga (Bizkaiko Foru Aldundia). Arrietaren galderak erantzuten hasi direnerako bete samar zegoen auditorioa, eta, hurrengo hizlariei lekukoa eman dietenerako, goraino. Orotara 300 bat pertsona ari dira jarraitzen aurtengo aldia, etorri berrien harreran fokua jartzea helburu duena.

"Samurtasunez, goxo, astiro". Hiru hitz horien bidez adierazi du Ugartek euskaldunek nola hurbildu behar duten gure artera iritsi berriak direnengana. "Dakigunok erakutsi behar diegu ez dakitenei". Ideia horretan sakontzeko adibide oso grafikoa erabili du, Danimarkatik etorritako gailetaz beteta dagoen eta egun gutxitara josteko gauzen gordeleku bilakatzen den kaxa urdin eta guzti: "Euskara gozoki bat, gaileta kaxa bat baino gehiago da. Unean-unean disfrutatzeko hizkuntza bat baino gehiago da, egunerokoan erabiltzeko erremintaz betetako kutxa bat; proiektu eta erronka berriak eraiki edota josteko tresnaz beteta dago".

Arakamak azaldu du topaketa-jardunaldi moduko bat egin asmo dutela Nafarroan, 2025. urte hasieran, "ahots desberdinak entzuteko". Ariketa hori egin nahi dute "oso anitza" delako erkidegoa: "Eskualde batzuetan %5 dira migratzaileak, eta, beste batzuetan, %24. Euskararen ezagutzari dagokionean, hogei herritan %80k dakite eta beste batzuetan %1ak ere ez". Zifrak erabili ditu baita ere Erremundeguyk, Ipar Euskal Herrian duten "bidegurutzearen" argazkia egiteko: "51.000 euskaldun bizi dira eta bostetik batek soilik daki euskaraz". Proportzioa jaisten ari dela ohartarazi du eta euskalgintzak aurrera eramaten dituen egitasmoek erortze hori galgatu badute ere, presio demografikoa bezalako faktoreek kontrako aldera egiten dute indarra: "60 urtetan 100.000 pertsona etorri dira Frantziar Estatutik eta 2050erako beste 50.000 helduko direla aurreikusten dugu. Euskararen aldeko jarrera sustatu eta hizkuntzaren erabilpena bultzatu behar ditugu. Eskura ditugun tresnak indartzeko baliabide gehiago jarri behar dituzte erakundeek; horretan ari gara". 

Aroa eta Gipuzkoa arigune

Udaltopen plazaratu duten gaiaren bueltan bi egitasmo garatu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak: Aroa eta Gipuzkoa arigune, hurrenez hurren. Zupiriak eta Mendozak iragarri dituzte eta "estrategikoak" izango direla nabarmendu. Aurrenekoak etorri berriei harrera egiteko "lan ildo zehatzak" biltzen ditu. Bi "titular" eman ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak: "Hezkuntza, oro har; eta euskararekiko atxikimendua, horren bueltan emozio positiboak sortzeko gai izan behar dugu". Bigarren proiektuak "ulermen unibertsala" du helburu, Gipuzkoako ahaldun nagusiaren hitzetan. "Lurraldeko biztanleetako bakoitzak euskara ulertzen badu, horrek kohesioa eta gizarteratzea erraztuko lituzke. Elkarlana, berrikuntza eta esperimentazioa dira funtsezko lanabesak". 

Amezagak nabarmendu du "itzela" dela datozen urteetarako erronka eta "derrigorrezkoa" izango dela erakundeak (publikoak nahiz pribatuak) eta herritarrak elkarlanean jardutea. "Konfiantzazko esparruak sortu behar ditugu gure artera etorri berriak direnentzat". Ildo horretatik, Valdiviak tokian-tokian prestatu beharreko harrera protokoloak aipatu ditu. "Horiek dira gakoa, izan ere, Eusko Jaurlaritzaren arabera, 400.000 pertsona etorriko dira datozen urteetan". Norabide horretan, iruditzen zaio "ezinbestekoa" dela euskara gizarte kohesioa ehuntzeko: "Asmatu egin behar dugu gure hizkuntza haien egunerokoan txertatzen, eta, aldi berean, haien hizkera eta kulturetara hurbildu behar dugu". Antxordokik, berriz, arestian aipatu argazkia "indartsua" dela azpimarratu du eta Udaltopen garrantzia balioan jarri du: "Udaltop oso kuttuna da guretzat, 2009an hasi ginen egiten eta ereindako haziek fruitu oparoak eman dituztela uste dut". 

Kataluniar ordezkaritza

Arestian aipatu moduan, 300 bat pertsonak izena eman dute aurtengo Udaltopen eta gehienak kultur etxeko aretotik bertatik jarraitzen ari dira hitzaldi eta bestelakoak. Horietatik 47 Kataluniako Consorci Per a la Normalitzacio Linguistica (CNPL) erakundean lan egiten dute. Herrialde horretatik etorritako Isidor Mari eta Maite Puigdevall-i hitza eman aurretik, eragile horren bideo bat proiektatu dute, esaldi honekin bukatu dena: "El català ens connecta [katalanak konektatu egiten gaitu].

Mari eta Puigdevall etorri berriei harrera egiterakoan banatu ezin diren bi alor hauei buruz mintzatu dira: linguistikoa eta soziala. Segidan, CNPLko zuzendari Alba Conesak prestatutako bideo bat ikusi dute partaideek. Gaurko eta biharko egitaraua esteka honetan duzue.