Pankarta zabaldu eta ibilbideari ekiteko unea iritsi denean euria ari bazuen ere, manifestariek ekintzari ekitea erabaki dute eta Okendo plazatik atera dira, deialdiarekin bat egin duten dozenaka herritar atzetik zituztela. Erdiguneko kaleak zeharkatu dituzte eta "Ibaitik itsasora, Palestina aurrera!" nahiz "Hau ez da guda, genozidioa da!" bezalako aldarriak oihukatu dituzte bidean zehar.
Palestinarrei elkartasuna adierazteko eguna ez dute ausaz aukeratu, izan ere, Nakba eguna da gaurkoa beraientzat. Arabieraz hondamendia esan nahi du hitz horrek eta 1948tik gogoratzen dute, izan ere, urte horretan 700.000 pertsona baino gehiago gaur egun Israelenak diren lurraldeetatik bota zituzten.
Ostiralean, Hernanin
Buruntzaldeko Transmaribibolloen sarea aurten eratu dute eta zenbait jarduera aurrera eraman dituzte "Lasarte-Orian egindako lehen bileratik", hala nola, gaur arratsaldekoa. Horren aurretik trans ikusgarritasunaren egunean mobilizatu ziren, Bollotopaketak aurkeztu zituzten eta baita eta Anita Doinelen Me lo merezco liburua ere.
Ostiral honetan, LGTBIQ+fobiaren aurkako nazioarteko egunean, beste manifestazio bat egingo dute Hernaniko Plaza Berritik abiatuta, Erasoen aurrean erresistentzia transmaribibolloa lelopean, 19:30ean. Ekintza horren ondoren Elektropottotte elektrotxarangak girotuko ditu udalerri horretako kaleak.