Hernaniren aurkako garaipenak indarrak eman dizkio Erregional Ohorezkoari

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 15a, 15:30

Lasarte-Oriako futbol taldeak Ligako azken jardunaldiak lehiatzen ari dira. Denboraldiko helburuak betetzeko hitzordu garrantzitsuak dira eta horietako bat dugu, Ostadar SKTko Ohorezko Erregionala. Leire Garciaren taldeak Hernani garaitu zuen Michelin kirol gunean

Hernaniren aurkako neurketara gogoz agertu zen etxeko taldea. Prestatzaile urdin beltzak azaldu modura, errebantxa izan zen: "euren etxean jokatu genuenean, gure bolada ona puskatu zela sentitu genuen. 1-1 egin genuen".

Aurkaria ere ondo kokatu zen zelaian eta hasieran kosta egin zitzaion etxeko taldeari neurketa bideratzea. Jokalariak gogo handia erakutsi zuten, baina ez ziren fin ibili baloia mugitzerakoan. Bigarren zatian, sendoago aurkeztu ziren zelaian eta taldean jokatu zuten. 

Aukera garbi gutxi egin ahal izan zituen Ostadarrek neurketa osoan zehar. 20. minutuan garaipeneko gola egin zuen, ordea. Areaz kanpoko jaurtiketa egin zuen Maddi Lopezek –taldeko pitxitxia 14 golekin– eta baloia atean sartu zen. Etxeko taldea saiatu arren, ezin izan zuen beste tantorik egin.

Garaipen horren ostean, jokalariek indarrak hartu ditu geratzen zaizkion bi jardunaldiei aurre egiteko. Bi talde indartsu izango ditu aurkari Ostadarrek, baina buruz buru borroka egiteko prest agertu da Garcia. Laugarren postuan den Goierri Gorriko taldearen aurka punturen bat lortzea espero du Garciak, hilaren 16an jokatuko duen partidan. Buru den Mariñoren aurka, aldiz, neurketa berezia espero dute Michelin kirol gunean: "Maitane entrenatzailea, iaz nire laguntzaile izandakoa da. Gainera igoera eta lehen postua izango dute jokoan eta ez dugu gure etxean hori ospatzea nahi. Aurre egingo diegu guretzako ere final bat balitz bezala".

Ohorezko Erregional taldearen helburua lehen zortzien artean sailkatzea zen, baina egun bosgarren postuan da talde eta azken hamar neurketetan erronka berri bat ezarri dutela onartu du Garciak, 30 puntutik 20 eskuratzea. "Hemeretzi lortu ditugu, ondorioz, puntu bakarra lortzen badugu gure helburua lortuko genuke. Lehen esan bezela, bi partidatan hiru puntuengatik borrokatuko dugu bukaerara arte. Eta noski postu aldetik, izugarria izango litzake mantentzea".