Azken festa koloretsua aurrera eraman dute Oriarte Landaberri institutuko patioan. GurasoLeku egitasmoko partaideak elkartu dira bertan ikasturteari amaiera polit bat elkarrekin eman asmoz. Hiru adar ditu aipatu ekimenak ( GurasoLandia, GurasoTegi eta GurasoLagun), eta horren helburua da euskararen transmisioa familietan bultzatuz, haurrak elebidun oso bihurtzea. Gauzak horrela, ahalegin horretan aritu dira bertan parte hartu duten familia eta kideak.
Ikastetxearen jolas eremuan batu, eta arbeltxo bana banatu diete antolatzaileek. Euskara horientzat guztientzat zer den idatzi behar izan dute horietan, eta oso adierazpen ederrak irakurri ahal izan ditu TXINTXARRI-ko kazetariak, hala nola, hauek: "Bihotza", edota "Etxeko epela".
Lantxo hori eginda, Arkaitz Illarramendi Ttakun Kultur Elkarteko arduradunak hitza hartu, eta egitasmoan parte hartu duten familia eta kideak deitu ditu, banan-banan. Diplomatxo bat oparitu die, eta hori eskuetan hartuta, argazki bana atera dute photocall-ean.
Ondoren, edateko jogurta eskaini diete , bina bizkotxorekin batera. Askari ederra egiteko tartetxoa izan dute bertaratutakoek, eta, festatxoa amaitzeko, talde argazki ederra atera dute, denek elkarrekin.