Irunen izan zen lehen lehiaketa eta herriko atletak fin ibili ziren. Ostadar SKTko kideek hiru domina batu zituzten, Eider Redondo infantila eskuratu zituen bi bata 80 m. hesi lasterketan (12,30) eta bestea altuera jauzian (1,45 m.). Hirugarren domina Ameli Flores alebinak jantzi zuen luzera jauziko proban. 4,28 metroko markarekin bigarren mailara igo zen.
Proba horretan bertan beste herritar bat izan zen hirugarren mailan, Real Sociedad taldeko Alaia Romero. Romerok ez du lehen domina jardunaldi hauetan. Aurreko saioetan Eibar eta Arrasaten urrezko, zilarrezko zein brontzezko bana eskuratu zituen. Gipuzkoako txapeldun da 60 m. lasterketan (08,43), bigarren izan zen 150 m. (21,41) proban eta altuera jauzian (1,26 m.) hirugarren.
Atletico San Sebastian taldeko Hodei Murgiondo ere urrezko postuan izan zen, oraingoan 80 m. hesi lasterketan (11,94).
Zazpi domina eta markak
Master mailako Euskadiko txapelketan Mari Carmen Olaso herritarrak ere hainbat domina bildu zituen, Durangon. Herritarrak zazpi probetan parte hartu zuen F55 mailan eta guztietan lortu zuen saria; bi urrezko 400 m. (01.38,38) eta 3 kilometro martxa (30.42,02) probetan eta bost zilarrezko 100 m. (21,34), 200 m. (46.50) , 800 m. (03.42,17), 1.500 m. (07.06,49) eta 5.000 metro (26.36,67) saioetan.
Donostiako miniestadion proba libreak ere izan zituzten herriko kirolariek. Nabarmentzekoak dira Ostadr SKTko Iraia Alkorta eta Naroa Furundarenak egindako markak.
Alkorta Espainiako txapelketako gutxienekotik bi ehunekotara geratu zen 100 m. lasterketan eta birtualki sailkatu da lehiaketarako. Furundarenak, aldiz, 13,03 m. egin zituen jauzi hirukoitza proban eta gaur egungo aire libreko Espainiako marka hoberena ezarri zuen.