Junior Errendimendu taldeari ihesi egin zion garaipenak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 14a, 15:00

Ostadar Saskibaloi ataleko ordezkariek agur esan diote denboraldiari. Horietako bat izan da, Junior Errendimendu mailako taldea. Andoni Alduncinen jokalariek Hemen Garbiketak Eskoriatza izan zuten aurkari Maialen Chourraut kiroldegian. Borrokatutako lehian, aurkariak eraman zuen garaipena

Neurketa berdindua espero zuten urdin-beltzek, baina partida alde jarri zitzaien lehen partziala 13-7 irabazita. Eskoriatzarrek ez zuten amore emango eta nahiz eta etxeko taldea ederki borrokatu, pixkanaka errenta txikitzen joan ziren; 7-11 eta 15-15 izan ziren partzialak. Eta azkeneko hamar minutuak biko errentarekin hasi zuten, baina kanpoko jaurtiketei esker, aurkariek itzulia eman zioten emaitzari eta 45-51 amaitu zen lehia.

Alduncinek aipatu duenez, "denboraldi zaila izan da taldearentzat talde sendoak izan ditugulako aurrean. Baina gozatzeko eta talde bezala hobetzeko balio izan digu".

Beste emaitzak

Kadete Errendimendu zein Infantil Partaidetzako Ostadar taldeek ez ezik, gainerakoek ez zuten zorterik izan ligako azken jardunaldian. 

Borrokatutako garaipena erdietsi zuten bi taldeek Maialen Chourraut kiroldegian izan zituzten hitzorduak. Infantilek 38-35 irabazi zuten Beti Eder Andraitz taldea; Kadete Errendimendu taldeak, aldiz, Ordizia izan zuen aurrez aurre; 48-41 irabazi zuten.

Kadete Partaidetza taldearen kasuan, gainera, hirugarren postua zuten jokoan Paco Yoldin. Tamalez Bera Bera Albistur 58-31 nagusitu zen eta urdin-beltzak podiumetik kanpo geratu ziren.

Druck Hoops taldearen aurka amaitu zuen liga III. mailako seniorrak. Donostiako taldeak 57-42 garaitu zuen Ostadar.

Eta Infantil Partaidetzako Ostadar Urdinak  ezin izan zuen gutxigatik Aloña Mendi gainditu, 38-34.

Akatsak zuzentzen

Aurreko zenbakian, Infantil Errendimendu Urrea taldearen azken neurketaren berri eman genuen. Baina okerreko informazioa eskaini genuen. Lasarte-Oriako taldeak Ordiziaren aurka jokatu zuen azken neurketa eta 52-36 galdu zuen.