Sagardotegi giroaz gozatzeko barrikotea aurrera eraman dute larunbat eguerdian Saustatxo elkartearen egoitzan. 14:00etan zuten zehaztuta ordua, baina aurretik batzuk hasiak ziren edalontziak bete eta sagardoa probatzen. Mahaietan egokitzen joan diren bitartean, sukaldean buru belarri lanean zebiltzan. Sutan zegoen ajoarrieroa, prestatzen ari ziren bakailao tortilla, sugarretan erretzeko pronto zituzten txuletak eta postrerako gazta eta irasagarra mozten ari ziren. Horixe izan da bazkarirako izena emana zuten 80 bat lagunentzat menua. Eta hura laguntzeko, noski, sagardoa. Gosea eta ondo pasatzeko gogoa, berriz, etxetik ekarri dituzte.