Zazpi hilabete dira Israelek Palestinaren aurkako "genozidio-operazioa" hasi zuela eta lasarteoriatarrak kalera irten dira berriro palestinarrekin daudela adierazteko. Oraingoan, bereziki aipatu eta salatu nahi izan dute Rafahren setioa, bertan, milioi t'erdi bat pertsona hiltzeko arriskuan baitaude bonbardaketen eta lurreko inbasioaren ondorioz.
Urritik Gazan gertatzen ari dena "planifikatutako genozidio bat" dela berretsi dute, aurrekoetan esan bezala, mendebaldeko herrialdeek finantzatutakoa. Mendebaldeko agintariek eta nazioarteko komunitateak "ezer egin gabe jarraitzen dute" eta inperialismoaren babesean, Gazan 35.000 pertsona hil dituzte, 10.000 desagertu eta 77.000 zauritu.
"Garbi adierazi nahi dugu ez dugula euren iruzurra irentsiko. Badakigu soilik herriak salba dezakeela herria. Horregatik, mendebaldeko gobernuak Israelekin lerratzen ari diren bitartean, herritarrok Palestinarekin gaude". Horren adibide gisa jarri dute asteotan mundu osoko ikasleek erakutsitako elkartasuna eta konpromisoa, Euskal Herriko canpusetan ere ikasleak protesta kanpaldiak egiten ari dira; eta munduko herri eta hiri askotan genozidioa gera dezatela eskatuz aurrera eramandako manifestazioak. Ildo honetatik, Lasarte-Oriako Ernaik deituta zenbait lagunek akanpatu egin dute Okendo plazan mobilizazioaren ondoren.
Babesleei boikota
Sionisten aurkako boikota, desinbertsioa eta zigorrak ere "geroz eta gehiago ari dira hedatzen". Protestaren ibilbidea osatzen ari zirela, manifestari batzuek zenbait pegatina itsatsi dituzte Santander, Banco Sabadell, Caixabank, AXA eta Carrefour-en lokaletan. Zehaztu dutenez, "horiek genozidioaren alde egiten dute, hau da, palestinar herria desagertzearen alde egiten dute".
Boikotaren arrazoiak honakoak dira:
- Banco Sabadell-ek Israeli armak saltzen dizkien hainbat arma enpresa finantzatzen ditu.
- Santander, BBVA, Caixabank, Abanca eta Sabadell bankuek eguzki-energia proiektuak finantzatzen dituzte palestinarrei lapurturiko lurralde okupatuetan.
- AXA aseguru etxeak palestinarren lurren okupazioan parte hartze zuzena duten Elbit Systems arma enpresan eta Israelgo 5 banketxetan inbertsioak eginak ditu.
- Carrefour-ek Israelgo Indar Armatuei milaka janari poltsa ematen dizkie dohaintzan.
Amaitzeko, "ibaitik itsasora Palestina libre ikusi arte", gobernu sionista eta bere konplizeak "behar bestetan" salatuko dituztela adierazi dute, eta datorren astean gauztauko dituzten mobilizazioen berri eman dute. Hilaren 15ean, asteazkena, manifestazioa deitu du Transmaribollo mugimenduak, NAKBA eguna oroitu, Israelen pinkwashing-a salatu eta palestinar herriari elkartasuna adierazteko. Okendotik abiatuko da 19:00etan. Hilaren 18an, larunbata, manifestazio nazionala deitu dute Iruñean Palestina Askatu leloarekin.