Balioetan hezi eta musikaz gozatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 10a, 09:12

Sei hamarkada pasatxo daramatza Danok Kide elkarteak gure udalerriaren giza eta kultur garapena sustatzen. Helburu hori duten makina bat jarduera aurrera eramaten ditu ikasturtez ikasturte, hala nola, Formakuntza Iraunkorra izeneko saio sorta, Gabonetako jaiotzen lehiaketa, Itsaspeko Zinema Zikloa (Realaren urpekaritza sailarekin eta udalarekin elkarlanean), Lasarte-Oria aldizkaria, Opera-Ballet zikloko emanaldi digitalak, Balioetan Hezi jardunaldiak edota Musika Topaketak.

Azken hiru egitasmo horiek hilabete honetan aurrera eramaten ari da Danok Kide. Hilaren 13tik 15era, esate baterako, XVIII. Balioetan Hezi jardunaldiak egingo dituzte, kultur etxeko hitzaldi aretoan. Hiru gairen bueltan hausnartuko dute: musikaren bidezko terapia, mota desberdinetako gaitzek eragindakoak tratatzeko; Txinako medikuntza tradizionalaren ezaugarri eta onurak; eta norberak bere emozioak ulertu eta kudeatzearen garrantzia, batez ere deserosoak direnak. Hiru solasaldi egingo dituzte, aipatutako egun bakoitzean bat, 19:00etatik aurrera (xehetasunak alboko lauki arrosean irakur ditzakezue).

Hilabeteko azken astebururako, bestalde, XVIII. Musika Topaketen barruko bi emanaldi programatu dituzte elkarteko kideek. Irundik etorrriko da Oiasso Kamerata orkestra hilaren 24an eta Barroko ala ez Barroko? emanaldia egingo du Ama Brigitarren komentuan, 19:30etik aurrera. Garai historiko horretako piezak dira kontzertuaren oinarria eta hortik abiatuta ikus-entzuleengan zalantzak eta plazera eragingo dituen proposamena ekarriko dute herrira. Bi egun geroago San Pedro parrokian ariko dira Easo Abesbatzako bi talde, Easo Eskolania eta Easo Kapera Gregorianista, 19:30etik aurrera. Musika elizkoiari buruzko emanaldi berezi bat aurrera eramango dute Ana Belen Garcia organo jotzailearekin batera.

Opera-Ballet zikloko hilabete honetako emanaldia hilaren 8an egin zuen Danok Kidek, udalarekin elkarlanean. Jonas Kaufmann tenore alemaniarraren Opera Arena 100 kontzertua eman zuten kultur etxean, iazko abuztuan Veronako (Italia) anfiteatro erromatarrean grabatutakoa.

Herriaren alde lanean, 1962tik

Herriko guraso batzuek Familien Elkarte Katolikoa sortu zuten 1962an, Lasartek garai horretan zituen oinarrizko zerbitzuen eskasiari aurre egiteko asmoz. "Arazoak eragiten zituen horrek seme-alabak hezi eta herritarren elkarbizitza sustatzerakoan", gogoratu dute Danok Kideko lagunek (izen hori 1992an hartu zuen eragileak). Gure herria kudeatzen zuten udaletxeen utzikeria salatzeaz gain egitasmo ugari jarri zituzten martxan eta 1975ean 958 bazkide izatera iritsi zen.

Hurrengo asteetako jarduerak

Balioetan Hezi

Hilak 13, 19:00etan, kultur etxeko hitzaldi aretoan: Musikoterapia, pertsonen prozesua hitzaldia. Miren Gabirondoren eskutik.

• Hilak 14, ordu eta toki berean: Txinako medikuntza tradizionalari buruzko sarrera laburra. David Egizabalen eskutik.

• Hilak 15, toki eta ordu berean: Zergatik galtzen gara hainbeste buruko zarataren aurrean?. Amaia Urkizaren eskutik.

XVIII. Musika Topaketak

• Hilak 24, 19:30ean, Brigitarren komentuan: Barroko ala ez Barroko? emanaldia egingo du Oiasso Kameratak.

• Hilak 26, 19:30ean, San Pedro parrokian: Easo Eskolania eta Easo Kapera Gregorianistak kontzertua emango dute Ana Belen Garcia organo jotzailearekin batera.