Eguzki Bodegas Ayesak landutako garaipena eskuratu zuen Zarautzen aurka

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 9a, 14:48

Eguzki areto futbol taldeak lehiaketako azken astean sartu dira. Gazteen mailako Eguzki Bodegas Ayesa da horietako bat. Hilaren 4an, Francisco Javier Kixki Perezen taldea Zarautz Gran Camping-en aurka lehiatu eta 3-0 gailendu zen Maialen Chourraut kiroldegian

Zarautz aurkari arriskutsua da Eguzkiko prestatzaileak azaldu duenez: "ideia garbiak ditu, atzean defendatzen du eta besteen hutsak ongi baliatzen ditu neurketak irabazteko. Gainera bi atezain on dituzte; sake luzeak egin eta arazoak sortzen dituztenak". Eta hori jakinda, presio altua eginez jokatzeko agindua eman zien jokalariei. Eraso itxiekin Zarautzen defentsan hutsuneak sortzen saiatu ziren gazteak eta pixkanaka lanak bere fruitua izan zuen.

Zarautzek ere kontraerasoak egin zituen eta 15. minutuan, partida aldatu ahal izan zuen jokaldia gertatu zen; Eguzkiko atezainak areatik kanpo baloia ukitu zuen. Bigarren atezaina atera behar izan zuen etxeko taldeak eta Zarautzek bere aldeko falta bat zuen. Zorionez, baloia ez zen sarean sartu eta neurketak ordura arteko dinamika jarraitu zuen. Atsedenerako lau minutu geratzen zirela, Eguzkiren aldeko falta bati esker, aurre hartu zuen Kixkiren taldeak.

Bigarren zatian, Zarautzek defentsa aurreratu zuen eta gehiago ireki zen. Horri esker, Eguzkiko jokalariak errazago iristen ziren atera aukera ugari sortuz eta ondorioz bigarren gola egin zuen etxeko taldeak.

Zarautzek orduan Eguzkiren taktika erabili zuen, presio altua. Horri esker, kontraeraso batean hirugarren gola egin zuen Eguzkik.

Nahiz eta garaipena eskuan izan, oraindik 14 minutu falta ziren norgehiagoka amaitzeko eta Eguzkik neurketa kontrolpean izateko egin zuen lan. Ongi jardun ziren, Julen atezainaren lana nabarmendu du prestatzaileak eta hiru puntuak etxean geratu ziren.

Ligako azken jardunaldian Antiguokoren aurka neurtuko ditu indarrak gazteen taldeak. Partida horren arabera bigarren edo hirugarren postuan amaituko du liga erregularra. Baina dagoeneko azken faserako sailkapena eskuratu du Eguzkik. 

Horregatik, gazteen taldeko prestatzaileak jokalariei eskerrak eman nahi dizkie: "lan ederra egin dute denboraldi osoan. Bigarren itzuli izugarria egin dute eta lau puntu bakarrik galdu ditugu. Ez da erraza izan baina lehen postuetan gaude".

Denboraldiari agur

Eguzkiko talde batzuk azken jardunaldiari aurre egingo dioten bitartean, dagoeneko agur esan diote denboraldiari, infantilen eta III. mailako talden kasu.

III. mailako Eguzki ISU leihoak taldeak, aldiz, kopako lehiari agur esan dio. Lehia garrantzitsua zuen Jon Merinok zuzentzen duen taldeak Aldapeta Maria ikastetxearen aurka. Ongi borrokatutako garaipenarekin amaiera ederra eman dio txapelketari herriko taldeak, 2-3 garaitu zuen. Puntuari esker, bigarren multzoko hirugarren postua eskuratu du 9 punturekin.  

Infantil mailako taldeak, apirilaren amaieran jokatu zuen azken jardunaldia. Erronka handia zuen Eguzki Escalerilla taldeak, bigarren postuan sailkatu den Antiguoko. Nahiz eta lasarteoriatarrak saiatu, donostiarrak nagusi izan ziren, 6-0. 

Denboraldiko emaitzei esker, zazpigarren sailkatu da gaztetxoen taldea.