Euskara izango dute hizpide hilaren 22ko borobilean

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 9a, 08:00

Borobilean Elkarteak euskararen egoerari eta gaur egungo erronkei buruzko solasaldi bat aurrera eramango du hilaren 22an, Oriarte Landaberri institutuan. 19:00etan hasiko da saioa eta irekia dela gogorarazi dute antolatzaileek. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel, Tolosaldeko Galtzaundi euskara elkarteko kide Igor Agirre eta Ttakun Kultur Elkarteko kudeatzaile Haritz Salaberria gonbidatuko dituzte saiora.

Idurre Eskisabel izango da hizketan lehena, euskara jasaten ari den oldarraldiaz, gure hizkuntzaren egungo egoeraz eta ditugun erronketaz Kontseiluak duen begirada aurkeztuz. Igor Agirrek, ondoren, Tolosaldean azken urteotan egin duten ibilbidearen berri emango digu. Haritzek, hirugarrenik, Lasarte Oriako egoeraz eta gaur egungo erronketaz ariko da. Amaitzeko, hizlariek eta bertaratzen direnek iritziak trukatuko dituzte.