Jonas Kaufmann tenorearen 'Opera Arena 100' kontzertua proiektatuko dute gaur kultur etxean

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 8a, 08:00

Opera-Ballet zikloaren barruan, Jonas Kaufmann tenore ezagunaren 'Opera Arena 100' kontzertuaren emanaldi digitala aurrera eramango dute gaur arratsaldean Danok Kide elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak. 19:00etan izango da pasea eta sarrerek 7,5 eta 9 euro artean balio dute.

Aipatu ziklo horretan opera edo ballet ekoizpen ospetsuak ematen dituzte Danok Kidek eta udalak. Gaur eskainiko dutena, Opera Arena 100, iazko abuztuan grabatu zuten Arena de Verona aretoan, 30. urtean eraiki zuten anfiteatro erromatarrean. "140 metro luze, ehun metro zabal eta 30.000 ikus-entzulerentzako tokia du", azaldu dute Danok Kideko lagunek. "Akustika zoragarria du eta horregatik primerako aretoa da Kaufmannek emandako kontzertua bezalako ikuskizunentzat". 

Urtero-urtero jaialdi berezi bat aurrera eramaten dute Veronako anfiteatro horretan eta iazkoa 100. aldia izan zen. Gala berezi bat eskaini zioten Kaufmanni. Musikari alemaniarra "munduko tenore onena" da gaur egun eta ematen duen ikuskizun bakoitzerako sarrera guztiak saltzen ditu. Opera Arena 100 emanaldian Sonya Yoncheva sopranoa eta Ludovic Tezier baritonoa ditu lagun Kaufmannek. Zuzendaria, aldiz, Jochen Rieder da. 

Giacomo Puccini konpositore klasikoaren Tosca lanaren barruko Recondita armonia, Giuseppe Verdi-ren Otello-ko hiru pasarte edota Franz Lehar-en Giuditta-ko aria eta duoez gozatuko dute gaur arratsaldean kultur etxera bertaratzen diren ikus-entzuleek.