Zenbait deialdiren berri eman du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 8a, 09:17

Argazkia: Noaua! aldizkaria

Erraustegira martxa deitu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, eta, horrekin batera, beste bi jardueren berri ere eman du Zubietan aurrera eraman duen prentsaurrekoan. Herritarrak horietan parte hartzera gonbidatu ditu

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak agerraldia egin du, astearte arratsaldean, Zubietan. Datozen asteotarako bi deialdi egin dituzte, eta horietan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. 

Hilaren 18an izango da lehena, larunbatarekin. Erraustegi aurrean protesta egitera joateko asmoa azaldu dute, eta gipuzkoarrek bertan parte har dezaten nahi dute. Hitzordu hori, gainera, Lasarte-Oriako Okendo plazatik abiatuko da, 11:00etan. Agintariei, hondakin gehiago ez erretzeko eta erraustegia gelditzea galdegiteko helburuarekin aurrera eramango dute hitzordua. Gaineratu dute, Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarteek babestutako ekintza dela. Horren aurretik, erraustegiaren aurkako urteotako borroka irudikazten duten afixen erakusketatxoa ikusgai izango da. 

Horrez gain, hilaren 23 eta 27rako, erraustegiaren kutsadura zertan den jakiteko, beste bi deialdi egin ditu; horietan lehena Hernaniko Sandiusterri aretoan izango da, eta bigarrena, berriz, Usurbilgo Sutegin. ToxicoWatch fundazioko kideak izango dira protagonista nagusiak; azken bost urteotan erraustegiak sortutako kutsaduraren emaitzak eskainiko dituztela jakinarazi du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. 

Bost urtetako datuak

Arestian aipatu moduan, ToxicoWatch-ek bost urtez jarraian egin die jarraipena "erraustegiaren kutzatzaileei"; urtero bildu ditu horiek aztertzeko laginak inguruko ur, erreketako sedimentu, lu, goroldio eta hautatutako zenbait landareetan, eta baita zenbait familiak autokontsumorako dauzkaten oilategietako arrautzetan ere. Horiek aztertu dituzte, ikusteko metal astun, dioxina, PCBak eta PFAS arrastorik ba ote dute; horri dagokionez, Errausteguaren Aurkako Mugimenduak honakoa ohartarazi du: "ToxicoWatch-ek jada aurreratu digunez, Zubietako erraustegiaren inguruan bildutako laginetan kutsadura igoera kezkagarria aurkitu da". Hori azaltzeko zenbait daturen berri eman du mugimenduak prentsaurrekoan, hala nola honako hau: "Arrautzei dagokienez, aztertutakoek dioxina eta PCB maila altuak dauzkate eta urteotan horietan igoera oso nabarmenak ikusi dira, jangarriak izateko muga legalak gaindituz". 

Amaitzeko, hondakinak kudeatzeko erraustegia ez beste sistema "hobe, garbiago eta merkeagoak" badaudela nabarmendu dute mugimenduko bozeramaileek. Erraustegia "alferrikakoa" dela azpimarratzearekin batera, hori gelditu egin behar dela ere aldarrikatu dute; eta, gaineratu dute martxan jarraitu bitartean, horren arduradunen lehentasuna  izan behar dela emisioen kontrola jarraian egitea. Gauzak horrela, egindako aurkezpena amaitzeko berriz ere deia egin diete herriatrrei iragarritako ekimenetan parte har dezaten.