Intza KEk San Pedro Jaietako esku pilota txapelketako izena ematea ireki du

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 7a, 13:30

San Pedro Jaien barruan jokatuko dituzte finalak. Irudian, iazko partidetako bat.

Intza kirol elkarteak San Pedro Jaietako 30. esku pilota txapelketa antolatuko du. Lasarte-Oriako 2010 eta 2015 urte artean jaiotako pilotariek parte hartu ahalko dute lehian eta bakarka zein bikoteka jokatuko da

Maiatzaren 25tik aurrera, zaletuek neurketa ezberdinetaz gozatu ahalko dute larunbata eta igande goizetan, Loidibarren pilotalekuan. Uztailaren 1ean, San Pedro jaien barruan, lehiatuko dira finalak. 

Lehiakideek kirol arroparekin jokatu beharko dituzte partidak, finalerdiak eta finalean izan ezik; pilotari arropa zuria erabiliko da horietan.

Jokoan erabiliko diren pilotei dagokienez, pilota goxoarekin jokatuko dute. Antolatzaileak arduratuko dira materiala eramateaz, baina ez dira gerta daitezkeen lesio edo istripuen arduradun izango.

Izena emate epea ireki da. Inskripzioa egin nahi duten haur eta gaztetxoek astearte edo ostegunetan 17:30etik 18:00etara gerturatu beharko dute Michelin kirol guneko pilotalekura. Azken eguna hilaren 17a izango da.