Bizilagunek bizilagunentzat prestatutako festa

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 4a, 21:12

Iñigo de Loiola Bizilagun Elkarteak (ILBE) Udaberri Festa antolatu du, bigarrenez. Konfinamenduan ehundutako eta estututako harremanak mantendu eta giro alai batean ospatzeko xedez, iaz abian jarri zuten. Orduan ez bezala, aurten beraiek nahi zuten datan, maiatzeko lehen larunbatean, burutu ahal izan dute. Oriarteko patiotik beraien kalera eraman dute jaia, baina giroa ingurukoetara ere hedatu dute. 

Plazan prestaketetan murgilduta zirela, Ankoker Trikitixak diana egin du auzoan barrena. Musikak jendea ohartarazi eta jaiaren gune nagusira bideratu ditu, euriari aurrera egitera animatuz. Etxealditik festa bat ateratzeko gai izan zirenentzat, euria ezin oztopo izan. Prest zeuden antolatzaileak eta  karpak jarri dituzte zabalgunean. Bertaratzen joan direnek haien azpian hartu dute aterpea.

Pintxo potea izan dute lehen hitzordua. Iñaki tabernako kideek urdaiazpikoa moztu, eta platertxoetan jarri dute nahi zuenarentzat; barran aukeran zuten ere Etxezarreta harategiko txorizo egosia edota Hirualdeta tabernak egindako tortilla pintxoak. Edariaren arabera, barraren ondoan zegoen mahaian txartel bat edo beste erosi behar zuten, bertan eskuragarri zituzten ere bingorako txartelak edo festetako zapia ere.

Atzerapen pixka batekin haurren jolasak egokitu dituzte karpa azpian eta pare bat orduz nahi bestetan aritu ahal izan dute (ilaran itxaronda, noski). Aurpegia margotzeko mahai bat ere jarri dute, eta handik pasatu direnei goxokiak edo fruta eman dizkiete. 

Etxebizitzen arkupearen beste aldean, bizkotxo lehiaketan parte hartu dutenek utzi dituzte beraien aleak. Bi kategoriatan bereizi dituzte: helduak eta haurrak. Txikienei poltsa bat opari eman diete, barruan, kapela, puzlea, goxokiak... zituen. Parte hartzeko epea eguerdian amaitu da, eta ordu laurden inguru falta zela ILBEko lehendakari Idoia Arteaga pozik zegoen aurkeztutako kopuruarekin. "Usten nuen ez zutela parte hartuko... Berandu hasi dira ekartzen, horren txarra egin du...", aitortu du. Iazko 45 bizkotxoak parekatzea zaila zen, baina gaurko 30ak ez dira gutxi, inondik ere. Ordubete izan dute lau epaileek probatu eta beraien iritziaren arabera sariak banatzeko. Erabakia hartuta, onenen zenbakiak esan eta sariak banatu dituzte. Helduei bi lagunentzako afaria eta ardo botila bana eman diete, haurrei, berriz,  bi lagunentzako bazkaria eta askotariko jostailuak. Handik gertu zebiltzan saritu guztiak eta pozarren jaso dute irabazitakoa. Iaz bezala, bizkotxoak ez dira alperrik galdu, bazkari herrikoiaren postre izan baitira. 

Hori ebatzi bitartean, LOZETeko buruhandi eta erraldoiak Iñigo de Loiola kalera heldu dira, Kilkerband txarangak lagunduta. Plazan dantza egin dute handiek, taldekide bihurriek haurrak korrikan jarri dituzten bitartean. Maskuria beharrean, goma-aparrezko makilak ibili dituzte gaurkoan. Haize zatarra zebilen eta ufada batek ia bota ditu erraldoiak atseden hartzen ari ziren bitartean. Txarangak girotze lanetan bere bidea jarraitu duenean, paretaren kontra jarri dituzte erraldoiak eta haien barrura sartzeko aukera izan dute haurrek. 

Herri bazkarirako ordua gerturatu ahala, mahaiak prestatzen joan dira karpa azpian. 220 lagunentzako hiru paella prestatu dituzte. Txartelak plater beteengatik trukatu, eta elkarrekin bazkaldu dute. Bazkalostea bingoan jolastu dute festa giro paregabean. Sari ugari banatu dituzte eta jolas barruan egindako etenaldietan beste batzuk eskuratu dituzte dantzari animatuenek. 

Eta motorrak piztuta, oina mugitzeko gogoz gelditu direnek nahi beste egiteko aukera izan dute iluntzera arte. DJ Karpinek jarritako musika lagun izan dute arratsaldetik gauera eta Yon Pavonek nahi beste mojito prestatu ditu.