Erregional Gorengoak nagusitasunez Hondarribia garaitu zuen

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 2a, 12:15

"Denboraldi bikaina egiten ari gara. Zentzu askotan gozatzen ari gara," adierazi du Ostadar SKT-ko Erregional Gorengo taldeko Jon Irureta prestatzaileak. Aurreko asteko porrotak  –Astigarragako Mundarroren aurka 3-1 galdu zuen talde urdin-beltzak– kolpea izan zela aitortu du entrenatzaileak, baina denboraldian zehar bestetan erakutsi duen bezala egoerari itzulia eman zion taldeak hilaren 27ko jardunaldian; Hondarribia 3-0 garaitu zuen Lasarte-Oriako taldeak

Zelaira garaipenaren bila atera zen Erregional Gorengoa eta hasieratik amaierara arte hori erakutsi zuten jokalariek. "Txalotzekoa izan zen jokalarien lana; ikusgarria zentzu guztietan," aitortu du talde urdin-beltzeko arduradunak.

Alde jarri zitzaien neurketa lehen minutuan aurkariak bere atean gola sartu ostean, baina etxeko taldeak ere ederki egin zuen lan. Iruretaren hitzetan, "lehen zatia biribila izan zen". Ostadarrek baloiaren jabetza zuenean, jokalariek ongi irakurri zituzten espazioak. Era horretara, joko zuzena egin eta baloia mugitzeko arazorik ez zuen izan taldeak. Baloirik ez zuenean ere, fin ibili zen Ostadar. "Joko intentsoa eta ordenatua egin zuten. Presioa nahiko altua proposatu nuen eta baloi asko berreskuratu eta gol aukera garbiak sortu genituen," azaldu du prestatzaileak. Ondorioz, atsedenaldira 2-0 joan ziren.

Bigarren zatian, gainera lasaitasunaren gola egin zuen taldeak. Oier Santestebanen erdiraketa eta Xabierren burukoari esker 3-0 jarri zen etxeko taldea. Hortik aurrera neurketa kontrolpean izan zuten lasarteoriatarrek.

Erregional Gorengoen entrenatzaileak eskerrak eman nahi dizkie Michelin kirol gunera gerturatu ziren zale guztiei: "Eskertuak gaude animo eta babesarengatik. Kristoren giroa sortu zuten. Guretzako beharrezkoa da babes hori".

Garaipen garrantzitsua izan da larunbatekoa eta orain azken txanpan sartuko da Ostadar SKTko Erregional Gorena. Hiru partidaren faltan, multzoko bigarren sailkatua da herriko taldea eta hurrengo jardunaldian Usurbilen aurka jokatuko du.

"Prest gaude, gogotsu eta borrokatzen jarraitu nahi dugu amaiera arte multzoko lehen izateko. Taldea oso ondo dago eta gozatzen jarraitzea da gure xedea," aipatu du Iruretak. 

Ekaineko saioak

Bestalde, Ostadar SKT-ko futbol sailak ekainaren lehen astean talde urdin-beltzeko kide izan nahi dutenentzat entrenamendu saioak antolatu ditu, Michelin kirol guneko zelaian. 

Mailaren arabera, ordu beteko saioak egingo dira. Kadete mutilak izan ezik, ekainaren 5ean 17:30etik 19:30era egingo dute entrenamendua. 

2013 urtean jaiotako gaztetxoek ekainaren 3an eta 4an izango dute entrenamendua 17:30ean. Egun horietan 18:30ean, aldiz, infantil mutilen txanda izango da. 

Hil horretako 6an eta 7an, lehenik (17:30) infantil mailako neskak eta ostean (18:30) kadete mailakoak bilduko dira zelaian.