Marka eta gutxienekoen poltsa handitu da, Gipuzkoako Kluben arteko Kopan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 2a, 13:00

Gipuzkoako Kluben arteko Kopan parte hartu zuten Buruntzaldea IKTko igerilariak. Arg: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko igerilariek urteko hitzordu garrantzitsuenetariko bat izan zuten, apirilaren 27an eta 28an, Gipuzkoako Kluben arteko Kopa. Irungo Azken Portu igerilekuan ederki lehiatu ziren absolutu, junior zein infantil mailako gazteak; marka pertsonal ondu eta gutxieneko ugari bildu zituzten bi egunetan. Sailkapen orokorrean emakumezkoek 8. postua eskuratu zuten; gizonezkoek, aldiz, 7. postua

Giro paregabea izan zuten igeriketa taldeko kideek eta prestatzaileen ustez, horrek nork bere proban jarritako esfortzuan lagundu zuen. Proba indibidualez gain, erreleboak ere aipatzekoak direla nabarmendu dute entrenatzaileek: "taldean egiten den lehiak izanik, igerilariek dioten bezala, gogo, zirrara eta motibazio handia pizten duten probak dira". 

Emaitzei dagokionez, igeriketa taldeko hamalau igerilariren artean, guztira 42 marka pertsonal eskuratu zituzten eta horietako batzuk txapelketa ezberdinetako txartelak eman zizkieten gazteei.

Euskal Herriko txapelketarako gutxieneko berriak lortu zituzten, absolutu mailan, Iker Gorosteguik (200 m. lau estilo) eta Miren Sarobek (100 m. lau estilo eta 50 m. libre). Garazi Etxeberria juniorrak (200 m. tximeleta) eta Mario Amantegi (1500 m. libre eta 400 m. lau estilo) zein Oihan Matute (100 m. bular) infantilek haien adinetako erkidegoko lehian izango dira.

 Infantilen kasuan, gainera, Gipuzkoako Udako lehiaketarako markak egin zituzten: Kimetz de la Cruz (200 m. eta 1.500 m. libre), Ane Meyer (100 m. libre), Mario Amantegui (100 m. lau estilo), Nora Miguelez (200 m. bular) eta Oihan Matute (100 m. tximeleta). 

Buruntzaldea IKTko maila horietako igerilariek berriro ere Irunen izango dute hurrengo txapelketa, San Martzial Saria. Hitzaordua hilaren 18an izango da. Baina aurretik, hilaren 4an eta 5ean, Iñaki Garcia Gipuzkoako selekzioarekin lehiatuko da Tarben (Frantzian).