Federiko Krutwig intelektual eta idazlearen ondarea ikusarazten ari dira

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 2a, 10:45

Ezker-eskuin, Arantzabal eta Bakaikoa, joan den astearteko saioan.

Euskal intelektual, idazle eta politikariaren bizitzaren bueltako saio bat aurrera eraman du Krutwigen Lagunak taldeak; bertako kide Oskar Arantzabal eta Baleren Bakaikoak dinamizatu dute Antonio Mercero aretoan aurrera eraman duten hitzordua. Dokumental emanaldi eta hitzaldi bana aurrera eraman dituzte, bertaratu diren dozena bat pertsonari hitza eman eta euren ekarpenak jaso aurretik.

Federiko Krutwigen (Getxo, 1921-Bilbo, 1998) jaiotzaren mendeurrenaren harira, Nabarralde fundazioak Krutwig. Bere mendeurrenean berrirakurtzen liburua argitaratu zuen joan den urtean. Euskal intelektual, idazle eta politikari horren bizitza nahiz ondarea ikusarazteko, batez ere 45 urte baino gutxiago dituztenen artean, "oso-oso gutxik ezagutzen dutelako", lan hori aurkezten ari da Krutwigen Lagunak taldea. Joan den asteartean gure herriko Antonio Mercero aretoan izan ziren. Dozena bat pertsona bertaratu ziren saiora.

Lehenik eta behin, Getxoko izen handiak dokumentala proiektatu zuten. Hogei bat minutuko ikus-entzunezko horretan Krutwigen bizitzaren eta lanaren zertzelada ugari jaso zituzten ikus-entzuleek. Ama getxoztarra eta aita alemaniarra, Bizkaiko hiri horretan jaio zen 1921ean eta Bilbora joan zen bizitzera handik gutxira. Hizlariek nabarmendu dute "ikasle ona eta kultura handiko pertsona" zela eta erraztasuna zuela hizkuntzak ikasteko, baita euskara ere. "Familia burges batekoa zen Krutwig eta gidari batek lan egiten zuen haientzat; bizkaitarra eta abertzalea zen eta berari esker hurbildu zen euskarara". Hizkuntza hori azkar ikasi eta Euskaltzaindiako orduko lehendakaria zen Resurreccion Maria Azkueren lagun egin ostean, 1942an euskaltzain urgazle izendatu zuten. Bost urte geroago, aldiz, euskaltzain oso. 

Ikus-entzunezko horretan "euskal polimata" gisa aurkezten dute Krutwig, hau da, ezagutza arlo ugaritan jardun zen pertsona jakintsu baten gisan. Ez alferrik, izan ere, euskalgintzaz gain, beste alor asko jorratu zituen: kultura, nazionalismoa, artea, literatura... Jakinduria zabala izateaz gain, nortasun handikoa izan zen. Horren adibide izan ziren 50. hamarkada hasieran Euskal Herriko eliza katolikoari egindako kritikak, estamentu horrek euskararekiko zuen jarrera epelagatik. Horrek eta errepresio frankistak arazo ugari ekarri zizkion, erbestera joan behar izateraino.

Euskal Herritik kanpo bizi zela argitaratu zuen bere lan politiko eta historiko nabarmenena: Vasconia. Fernando Sarrailh de Ihartza ezizena erabili zuen lan hori publikatzeko. Liburu horretan, Krutwigek zalantzan jarri zuen Sabino Aranak eta bere jarraitzaileek bultzatutako nazionalismo tradizionala. Horrez gain, Baskonia osoaren askatasuna berreskuratzea proposatu zuen, "zazpiak bat" kontzeptuaren aurrean (lurraldetasuna).

Krutwigen beste egitasmo bat ere nabarmendu zuten astearteko saioan: Jakintza Baitha elkartea, "euskara grekeraren bitartez goratzeko" egitasmoa. Izan ere, bere ustez euskal herritarrak grekoak dira kulturaz eta beharrezkoa zen hori ezagutzea. Horretarako, sofopolis edo jakintsuen hiri bat sortzea zuen asmo eta ilusio. Hori gauzatzera iritsi ez zen arren, egitasmoaren planoak Donostiako Arkitektura fakultatean daude ikusgai.

Mirestetik, ezagutzera

Baleren Bakaikoa izan zen 60. hamarkadan Krutwigen lanak irakurri eta bere ideiekin txundituta geratu zen ikasleetako bat. Euskal Herria "betidanik zerbait izan zela" sinetsita zegoen txikitatik eta bizkaitarraren liburuak irakurtzeak "ikaragarri" zabaldu zion gai horrekiko perspektiba. Vasconia bera eta La cuestión vasca aipatu zituen asteartean. Antza denez, azken izkribu hori, 150 orrikoa, "aldarte txarrean zegoen gau batean" idatzi zuen. Abertzaletasunari buruzko kontzeptu ugari jaso zituen.

Intelektualaren lana ezagutu eta miretsita, horren atzean zegoen pertsona ezagutu nahi zuen Bakaikoak. Baita lortu ere: lagun batekin batera Erroman izan zuen Krutwigekin aurrez aurre egoteko parada. Hilabete eta erdi egon ziren han berarekin. "Garai horretan prentsa agentzia batean lan egiten zuen; hamasei hizkuntza zekizkienez, oso baliagarria zen bere profila teletipoak-eta itzultzeko". 

Krutwigi buruzko beste zenbait pasadizo partekatu ostean, bertaratutakoei eman zieten hitza Bakaikoak eta Arantzabalek.

Erlazionatuak