Udaberri Festara gonbidatu dituzte herritarrak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 30a, 18:29

Egun osoko egitaraua iragarri du ILBE Iñigo de Loiola Bizilagun Elkarteak maiatzaren 4rako. Udaberri Festa ospatuko dute, eta askotariko adin eta gustuei zuzendutako jarduerak aurrera eramango dituzte. Iñigo de Loiola kaleko plaza izango da ekimena aurrera eramango duten leku nagusia, baina, horrez gain, Juan de Garay, Pintore, Pablo Mutiozabal, Geltoki, Zapategi eta Hipodromo etorbidea ere hartuko ditu ospakizunak

Udal ordezkariak ondoan, larunbatean, maiatzak 4, Iñigo de Loiola Bizilagun Elkarteak aurrera eramango duen Udaberri Festara joateko deia egin die herritarrei. 

Agerraldiari hasiera emateko, Txus Alonso Festak saileko zinegotziak hartu du hitza, eta eskerrak eman dizkio aipatu bizilagun taldeari ekimena antolatzeagatik. Jakinarazi du baita ere, 2024. urteko hitzarmenari esker, udalak 4.588,29 euroko diru laguntza emango diola ILBEri Udaberriko Festa aurrera eraman ahal izan dezan. Laguntza ekonomikoaz gain, baliabide teknikoak ere euren esku jarriko dituztela ere nabarmendu du. 

Hitzartzea amaitzeko, ohartarazpen bat egin du; Iñigo de Loiola kaleko errepidearen zati bat itxita egongo dela, egitasmoan parte hartuko dutenen segurtasuna bermatze aldera, festa hasi eta amaitu bitartean. Dena den, bizilagun elkarteko kideek jakinarazi dute, tarte horretan trafikoari dagokion edozein behar suertatuko balitz, eurak arduratuko direla hori bideratzeaz. 

Udal ordezkaria eta gero, ILBEko lehendakari Idoia Arteagak hartu du hitza, eta egitarauaren errepasoa egin du, jardueraz jarduera. Giro ona, haurrentzako jolasak, erraldoi eta buruhandiak, pintxo-potea, paella jan herrikoia, bingoa, koktelak, musika eta opari asko izango direla nabarmendu du. Noski, gogoan izan ditu hori guztia aurrera eraman ahal izateko laguntza eman dieten babesleak:  dendak, tabernak, enpresak eta Lasarte-Oriako Udala Lasarte-Oriako udala. Hala, ohartarazi du inork auzoko festa zapia erosi nahiko balu, auzoko eta inguruko taberna eta saltokietan. 

Hau da antolatzaileek aurkeztu duten egitaraua: 

  • 10:00etatik 11:30era: Diana. Trikitixa Ankoker auzoan zehar.
  • 11:00etatik aurreraPintxo potea, izakinak amaitu arte.
  • 11:00etatik 13:00etara: Haurrentzako jolasak babesleen sariekin.
  • 11:30etik 13:00etara: Erraldoiak eta buruhandiak, Lozet elkartearen eskutik.
  • 11:30etik 14:00etara: Kilkerband txaranga kaleetan zehar.
  • 12:00etan: Bizkotxo lehiaketa. Ordu horretarako lehiaketan parte hartu nahi duten bizkotxoak aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek Iñigo de Loiolako plazan. Sari banaketa 13:00etan egingo dute.
  • 14:30ean: Paella jan herrikoia. Txartelak agortuta daude. 
  • 16:30ean: Bingoa.
  • 18:00etan: Dantzak, salsa, merenge, eta abar.
  • 16:30etik aurrera: Koktel barra, Yon Pavon Cocktail Events-en eskutik. 
  • 19:00etatik aurrera: Dj Karpinekin, festa amaitu arte.