Poltsiko Antzerki Jaialdian parte hartuko du Bea Egizabalek

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 2a, 08:00

Egizabal, Manuel Lekuona Kultur Etxean egindako emanaldi batean, iazko azaroan.

Urtero aurrera eramaten dute formatu txiki eta ertaineko antzezlanen erakustaldia Donostiako auzoko taberna eta lokaletan. Aurtengoan parte hartuko du Bea Egizabalek, honezkero makina bat tokitan erakutsi duen Magma mia ikuskizunarekin. Lehen saioa gaur arratsaldean egingo du Next Tabernan (Harrobieta plazatxoa, 16), 19:00etan, gaztelaniaz.

Datorren asteko ostegunean (hilak 9) aurrera eramango du bigarren emankizuna, Kafe Botanikan (Gernikako Arbola pasealekua, 8), 18:00etan hasita, euskaraz. Sarrerak doakoak izango dira aipatu areto hori bete arte.

Lehenengoa, 1991n

Egitasmoaren helburua da gune eszeniko ohikoetara joaten ez diren ikus-entzuleak antzerkira hurbiltzea. Poltsiko Antzerki Jaialdia 1991. urtean egin zuten aurrenekoz. Aurtengoa 33. aldia izango da eta hilaren 19ra arte iraungo du. Herritarrek 25 espaziotan (tabernetan, batez ere) 32 emanaldiz gozatzeko aukera izango dute; erdiak euskaraz izango dira eta gaztelaniaz beste erdiak.