Lasarte-Oriako atletak, bikain Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketetan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 30a, 14:45

Hodei Garcia (ezker), Eider Redondo (erdian) eta alebin mailako erreleboa (eskuinean), podium ezberdinetan. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Lasarte-Oriako atletek hiru hitzorduri egin zioten aurre apirilaren 27an eta 28an. Lehen postuetan izan ziren herriko kirolariak eta domina uzta ederra batu zuten Ostadar SKTko kideek

Adin txikiko zein master mailako Gipuzkoako txapelketa lehiatu zen Donostiako Mini Estadioan. Talde urdin-beltzeko ordezkariak ederki jardun ziren eta 18 urtez azpiko mailan eskuratu zituzten domina gehien. Oinatz Almagro (6,24 m.) garaile izan zen luzera jauzian eta Hodei Garcia (44,69 m.) xabalina jaurtiketan. Azken proba horretan, Aiala Ramosek (29,92 m.) zilarrezko domina eta Nora Manzanalek brontzea (18,23 m.) jantzi zuten. Podiumeko bigarren mailan izan zen June Garcia jauzi hirukoitzeko proban (10,95 m.) eta 100 metro lasterketan, Iraia Alkorta hirugarren izan zen.

16 urtez azpiko mailan, aldiz, Kevin Pinzak (9,42 m.) urrezko domina eskura izan zuen, baina zentimetro batengatik zilarrezkoarekin konformatu behar izan zen pisu jaurtiketa proban.

Aiala Ramos eta Nora Manzanal (ezkerrean), Iugatz Almagro (erdian) eta June Garcia (eskuinean), podiumetan. Arg.: Ostadar SKT/A. Garcia 

Eta master mailan, Atletico Renteriako Mari Carmen Olaso herritarrak ere brontzezko domina jantzi zuen 1.500 m. lasterketan.

Hurrengo egunean, alebin mailako Eskolarteko eta kluben arteko Gipuzkoako txapelketan parte hartu zuten Ostadarreko kideek, Tolosan. Neskak 4x60 m. erreleboan garaile izan ziren eta zazpigarren sailkatu ziren; mutilak, aldiz,zortzigarren izan ziren.

Urrea eta gutxienekoa

Eider Redondok, aldiz, 16 urtez azpiko proba konbinatuen Euskadiko txapela jantzi zuen asteburuan. Sei probetan parte hartu zuen atleta gazteak eta lehen bi postuetan sailkatu zen guztietan:

100 m. hesi lasterketa 15,95 sg.
Altuera jauzia 1,51 m.
Pisu jaurteiketa 8,46 m.
Luzera jauzia 5,12 m.
Xabalina jaurtiketa 30,14 m.
600 m. lasterketa 01.55,59 sg

Horri esker, 3416 puntu batu zituen eta Lleidan (Katalunia) jokatuko den Espainiako txapelketarako gutxieneko marka eskuratu zuen.