Intzako kideak etxean indartsu izan ziren

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 30a, 12:15

Intza pilota elkarteko kideek txapelketa ezberdinetako jardunaldia jokatu zuten. Michelin kirol guneko pilotalekuan infantil mailako neurketez gozatu ahal izan zuten zaletuek hilaren 27an eta guztiek garaipena erdietsi zuten

Udaberriko txapelketako 3. mailako bikoak (Unai Lizarraga eta Unax Urdangarin) eman zion hasiera arratsaldeko saioari. Goierri 3 izan zuten aurrez aurre. Intzako kideek ederki jokatuz, 18- 8 irabazi zuten. Bere multzoko lehen jarri dira Aloña Mendirekin berdinduta.

Emakumezkoen Gipuzkoako txapelketako lehia izan zen jarraian (Argazki galerian ikusgai). Itsaso Iparragirre kideak Alde Zaharrako Sorondo izan zuen aurkari. Ederki borrokatuta, etxeko pilotaria 2-0 (8-5 eta 8-7) gailendu zen. Txapelketa bikaina ari da egiten lasarteoriatarra. Ez du partidarik galdu oraindik eta bere multzoko buru da.

Jardunaldiari amaiera biribila emateko, infantil 2. mailako Udaberriko txapelketako partida izan zen. Oier Jauregi eta Markel Lopezek osatutako Intza 1 bikoa nagusi izan zen Hernani 2ren aurka; 18-5 irabazi zuten.

Kanpoan jokatu zuten Intzako ordezkariek txanponaren beste aldea bizi izan zuten. 

Lau terdiko txapelketan, Haritza Diaz de Gereñuk Ospeleko Albenizen aurka neurtu zituen indarrak Orion eta 22- 7 galdu zuen.

Infantil 2. mailako Intzak 2k ez zuen zorte hobea izan Astigarragan. Arkaitz Lasa eta Ekhi Maiz bikotea saiatu arren, Mundarro 2ko kideek 18-4 irabazi zuten.