Artez, duintasunez eta sakrifizioz eratutako tradizio baten oinordekoak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024ko api. 29a, 22:09

Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatu dute gaur Kukuka, Erketz EDT, Amaia Gonzalez Caballero akademia eta Semblante Andaluz eragileek, azken urteetan egin duten moduan: elkarte bakoitzeko dantzari taldeek emanaldiak egin dituzte Okendo plazan. Lehen ilaretan jarritako eserlekuak hasi baino ordu erdi lehenago hartuta zeuden eta geroago iritsi direnek beste zenbait lerro osatu dituzte, enparantza lepo betetzeraino.

Marianela Nuñez dantzari argentinarrak idatzi du aurtengo manifestua. Gaurko ospakizunean parte hartu duten eragileek irakurri dute, txandaka, euskaraz eta gaztelaniaz. Honela dio:

"Oroitzapen batek ez du historia egiteko balio. Eta antzerki baten historia, bakoitzarena bezalakoa, besteen historia ere bada, dantza bezalako arte batek latitude ezberdinetan migratu eta hazi zuen moduarena.

Royal Balleteko hormek bidaiaren argazkiak gordetzen dituzte, historiak protagonistak erreklamatzen ditu eta Argentinako dantzak izen horietako bakoitzarekin distiratzen du.

Sarritan, erakundeak anonimotasun isilean murgiltzen dira, aurpegirik eta abizenik gabe, iraganaren oihartzunari aurre egitea saihestuz.

ITI-UNESCOk bultzatu eta babestutako erakundeak dira, Argentinako Dantzaren Kontseilua bezala, ahanztura zehazten duen harresi lana egiten dutenak.

Dantzaren mundua aberastu duten eta datozen belaunaldiek entzutea merezi duten maisu, artista eta koreografoen historia berreskuratzeko eta biziberritzeko konpromisoan nago zuekin batera. Denok jakin dezagun ez garela ikusleak, artez, duintasunez eta sakrifizioz eratutako tradizio baten oinordekoak baizik, gure bidea edertasunarekiko bokazioz eta maitasunez elikatuz. Etorkizunak eta orainak gure arreta bereganatzen badute ere, iraganaren oinarri sendorik gabe, gure lurraren emankortasunik gabe, dantzaren zuhaitza ezin da loratu. Sustraiak tradizioa dira eta, aldi berean, mantenugaia".

Horren ostean, esan bezala, partaide bakoitzeko talde bat baino gehiagok dantza jakin bat ekarri du plazara. Amaitzeko, denak batera atera dira Okendo erdigunera, kalejiran. Parean zituzten ikus-entzuleek gogotik eskertu eta txalotu dute dantzariek aurrera eramandako lana.