Herria aniztasun eta inklusioz zipriztinduko dute gaur

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 26a, 07:00

Hilabeteak daramatzate elkarrekin lanean Lasarte-Oriako Bizipoza taldeko eragileek eta herriko ikastetxeek. Tarte horretan jorratu dutena erakutsiko dute: adibidez, hezkuntza inklusiboari buruzko egitasmoa den Bizipoza Eskola nola hasi diren lantzen. Horren guztiaren berri emateko jaialdi bat antolatu dute gaurko eta norbanako, eragile nahiz erakunde oro gonbidatu dute parte hartzera.

Hilabete euritsua izan ohi da apirila, zipriztin askokoa. Edonola ere, tanta guztiak ez dira ura eta denek ez dute gorputza berdin bustitzen. Lasarte-Oriako Bizipoza taldea eta herriko ikastetxeek, esaterako, herritarren bihotz eta gogoak inklusioz, aniztasunez eta euskaraz isuriko dituzte hilaren 26an, Bizipoza Eskola izeneko egitasmoa aurkezteko egingo duten jaialdian. Hauxe da ostiral horretarako prestatu duten egitaraua, Okendo plazan (eguraldi txarra egiten badu, enparantza horretako egitasmoak Oriarte Landaberri institutura eramango dituzte eta Antonio Mercero aretoan:

  • 15:15ean, ikastetxeek herria zipriztinduko dute, Okendon. Koreografiak dantzatu eta jaialdirako propio prestatutako pankartak erakutsiko dituzte, besteak beste. Porrotx pailazoak aurkeztuko du saioa.
  • 18:00etan, Bizipozan parte hartzen duten elkarteek zipriztinduko dute Lasarte-Oria. Euskararen 10. Maratoialdiko zortzikotean aritutako zenbait kide ariko dira beraiekin.
  • 18:30ean, Antonio Mercero aretoan, Bizipoza Eskola egitasmoa aurkeztuko dute proiektu horren koordinatzaile Nerea Godoy Fuentes eta Bizipozaren koordinatzaile Leire Elizegi Belokik. Ondoren, mahai inguru bat egingo dute eragile hauekin guztiekin: Ttakun Kultur Elkartea; Landaberri, Sasoeta-Zumaburu eta Oriarte ikastetxeak; Amassorrain ikastola; Ostadar Inklusioa; Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria; Aspanogi elkartea; Naizen elkartea; eta Izan Iñurri elkartea. Ekitaldi horretan parte hartuko dute baita ere Earra bertso eskolako kideek eta Maialen Aristegi kantautoreak. Antonio Mercero aretoan izango da.