Lasarteoriatar talde batek Euskal Mendizale Federazioko urrezko domina jaso du

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 26a, 13:30
Antxon Garin (ezkerrean) eta Ostadar Mendi ataleko kideak (eskuinean) domina jaso ostean. Arg.: Euskal Mendizale Elkartea.

Euskal Mendizale Federazioak 40 urte baino gehiago federatuta daramatzaten gipuzkoarrak omentzeko ekitaldia egin zuen, hilaren 24an, Tolosako Leidor antzokian. Bere mendeurrena ospatzeko ekimen ugari antolatu ditu erakundeak eta horien artean, bere kide diren mendizaleei aitortza egin nahi izan die

Urrezko oroigarria jaso zuten omenduen artean, Josu Agirretxe, Txema Contreras, Juanito Egaña, Txomin Otaegi, Alex Tetuan eta Antxon Garin herritarrak izan ziren. Lehen bostak Ostadar Kirol Taldeko Mendi saileko kide dira eta seigarrena, Hernaniko Mendiriz Mendi Elkartekoa. Alex Tetuanek ezin izan zuen ekitaldian egon eta lagun batek jaso zuen berea.