Lasarte-Oria eta Susegana batu ditu musikak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 26a, 09:26
Harrera ekitaldiko partaideen talde argazkia. Irudia: Isaac Farre.

Elkartruke egitasmo bat aurrera eramaten ari dira gure herriko Alboka eta Italiako Susegana udalerriko San Salvatore abesbatzak, eta, oraingoan, italiarrak etorri dira gugana egun batzuk pasa eta kontzertu pare bat ematera. Ama Brigitarren komentuan izango da biharko emanaldia, 19:30etik aurrera. Ongietorri beroa jaso dute bisitariek udaletxeko pleno aretoan.

Harrera instuzionala izaki ez dira falta izan partaideen arteko eskertza hitzak eta opariak, baina, protagonista nagusiak San Salvatore eta Alboka abesbatzak direnez, pleno aretora igo aurretik udaletxeko arkupeetan abestu dute. Gure herriko taldeak Baratze bat (Pier Paul Berzaitzena, Xabier Sarasolak moldatua) pieza eskaini die lagun italiarrei.

Agustin Valdivia alkateak hartu du hitza ondoren eta italieraz hasi du bere diskurtsoa, parean zituen San Salvatoreko 30 bat kideei ongietorria egiteko. "Egun bikainak igarotzea espero dut". Abesbatza italiarraren ezaugarri batzuk nabarmentzeaz gain adierazi du "antza" hartzen diola Albokak udalerrian egiten duen lanari: "Susegana herriko bizitzaren eta arimaren parte zarete, ekitaldi askotan parte hartzen baituzue". 

San Salvatore abesbatzak bere izena Susegana herriko gaztelutik hartu duela azaldu du gero Kultura zinegotzi Ainara Elicecheak. "Errepertorio zabala duzue, kantu gregoriarretatik pop musikara artekoa eta batez ere a capella abestiak lantzen dituzue". Gogoratu du Albokako kideak Veneto eskualdeko herri horretan izan zirela 2019ko udan, astebetez, eta hangoak hona etortzekoak zirela hurrengo urtean, baina pandemiaren eraginez atzeratu egin behar izan dutela elkartruke egitasmoaren bigarren zatia. 

Hitza hartzen azkena San Salvatore abesbatzako zuzendari Laura Battistella izan da. Eskerrak eman dizkie Albokari eta udalari jasotako ongietorriagatik eta gogoratu du herriko abesbatza 1995ean izan zela lehenengoz Suseganan. "Pozik gaude musikak itxuraz oso desberdinak izan daitezkeen bi kultura batu dituelako, Lasarte-Oriakoa eta gure herrikoa". Herri horretako alkate Gianni Montesel-ek ezin izan du koruarekin etorri hona baina sinbolikoki bada ere bere agurra helarazi dio Battistellak Valdiviari, eta azken horrek itzuli. 

Amaitzeko, opariak elkartrukatu dituzte partaideek. Suseganako arkitekturari buruzko liburu bat jaso du Valdiviak eta Lasarte-Oriaren historiari buruzkoak San Salvatoreko kideek.

Bi kontzertu

Lasarte-Oria, Pasaia, Hondarribia eta Donostia bezalako udalerri eta hiriak ezagutzeaz gain pare bat kontzertu emango ditu San Salvatorek. Hondarribiako Magdalako Maria Santuaren elizan ariko da gaur, 20:00etatik aurrera. Bihar, aldiz, gure herriko Ama Brigitarren komentuan egingo dute emanaldia, 19:30etik aurrera. Azken saio horretan Albokak Signore de le Cime (Giusseppe de Marzi) abestia interpretatuko du.