Palestinan gertatzen ari denaren berri eman du

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 26a, 07:49

Palestinako egoerari buruz hitz egin du Samidoun Euskadi elkarteko kide Asier Herranzek. Solaskide izan behar zuen Remm Damdan aipatu elkarte horretako kidea ere, baina ez du bertaratzerik izan. Xirimiri elkartean aurrera eraman dute ekintza

Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Dinamikak deituta, hamaika deialdi aurrera eraman dituzte, herrian Palestinaren alde. Ostegun arratsaldekoa izan da azkena; Samidoun Euskadi elkarteko kide Asier Herranzen hitzaldia entzun dute herritarrek.

Protagonistari hitza eman aurretik, herri dinamikako kide batek hartu du hitza, eta, esan, Palestinaren alde antolatzen ari diren ekintza guztiak aurrera eramaten ari direla, bertan gertatzen ari den genozidioa ahanzturan eror ez dadin ahalegintzeko.

Hori esanda, Herranzen aurkezpen labur bat egin du. Kontatu du "antisionista, antiinperialista eta analista politikoa" dela, eta, gaineratu, Sirian eta Libanon egona dela. Gauzak horrela, azpimarratu du "badakiela hitz egiten duenaz", eta erresistentzia eta terrorismoaren arteko aldeaz hitz egitera etorri dela ere aipatu du. 

Aurkezpenaren ostean hartu du hitza Herranzek, eta Samidoun Euskadiren aurkezpen labur bat egin du. Kontatu du urriaren 7az geroztik sortu dutela elkartea, Palestinan gertatzen ari den genozidioaren sorrerari "bide politikoa emateko". Hori hala izanik, azaldu du Euskal Herri osoan zehar ari direla jendea kontzientziatu eta horiek gaiarekiko izan dezaketen lerratze jakin batzuekin amaitzeko. Jakinarazi du baita ere, Palestinar preso politikoen nazioarteko sarea dela eta elkarteak Europa osoan, Asian eta Hego eta Ipar Amerikan duela ordezkaritza.. Gaineratu du Samidoun hitzak konstantzia esan nahi duela, arabieraz. 

Elkartearen gaineko informazioa eman eta gero, eta gaiaz sakonago mintzatzeko, aipatu du gustuko duela bere hitzaldiak argumentario sionistak erabiltzen dituen mitoei buruz hitz eginaz hastea; horretarako zenbait zertzelada historiko mahaigaineratu ditu; besteak beste, hauek: Erromatar konkistaren "exodoaren" gezurra; Gurutzadak; 1492. urtean emandako Sefardien egozteaz; 1881. urtean emandako lehen Aliyahtik, 1934. urteko seigarrenerakoa.

Zenbait premisa hausteko beharra 

Gaiarekiko oso zabalduak dauden premisa oker batzuen adibideak ere ekarri ditu ikus-entzuleen artera, eta, esan, horiekin hautsi egin behar dela. Adierazi du, adibidez, heriotzaren aurkako jarrera naivea bazter utzi behar dela, eta gertatzen ari denaren errua erlijioak duela pentsatzea ere okerra dela. Horrekin batera, "hau Hamasek hasi du" edota "bi aldetako fanatismo erlijiosoa" bezalako usteak ere bazter utzi behar direla. 

Luze eta zabal hitz egin du gaiaz adituak ordubete luze iraun duen saioan, eta bertaratu diren herritarrek adi-adi entzun dituzte bere azalpenak.