Lehia ederrak izan ziren udaberriko denboraldiaren agurrean

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 25a, 11:30
Azken jardunaldiko lehietako bat. Arg.: Dabid Argindar.

Donostiako Hipodromoak udaberriko denboraldiari agur esan zion hilaren 19an. Azken jardunaldi horretan ere Aterpea Merkatari elkarteak babestutako lasterketak jokatu ziren

Jardunaldiari hasiera emateko Arkupe taberna saria jokatu zen. Ricardo Sousa-Canarion eta Denisa Sikorova-Something faboritoek ez zuten hutsik egin eta borroka ederra izan zen; Canarion izan zen garaile.

Arima Gastrotaberna Sarian, Jaime Gelabertek One More Nightekin barruko errailetik joatea erabaki eta garaipena erdietsi zuen.

Hirugarren lasterketan, Ventanas Alcar sarian, nagusi izan ziren Denisa Sikorova eta Anasita. 

Jarraian, Bideo Lagunak sarian, bihurgunera arte, Alexia Lucas-Shangri La eta Jaime Geklabert-Upsilon bikoek lehia handia izan zuten. Baina lehenak zuzengunean aurre hartu eta helmugara bakarrik iritsi ziren.

Azken lasterketan, Aldatza Hortz Klinika sarian, Ricardo Sousak eguneko bigarren garaipena eskuratu zuen, oraingoan Grazalema gidatuta. Armando Olivasek eta Hebek festa hondatu nahi izan bazioten ere, Sousak ongi kontrolatu zuen aurkaria.

Denboraldiko laburpen modura, Guillermo Arizkorreta prestatzaileak eraman ditu sari gehien sasio honetako lehian. Jockeyen artean, garaipenak banatuagoak egon dira baina Václav Janácek hockey txekiarra izan da lasterketa gehien irabazi dituena, sei sari.

Orain Udako denboraldiaren eta Urrezko Koparen zain geratzen dira zaldi lasterketen zaletuak. Ez dute asko itxaron beharko ekainaren 6an izango baita uda garaiko lehen lasterketa.