Ostadar III. mailako taldeari azken ehunekoan egin zion ihes neurketak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 25a, 10:15

Ostadar Saskibaloia ataleko taldeak denboraldiko azken jardunaldietan sartu dira. III. mailako taldeak A-2 multzoko burua eskuratzeko neurketa garrantzitsuak ditu hurrengo asteetan. Hilaren 21ean, hirugarren zegoen CD Internacional izan zuen aurrez aurre eta hurrengo jardunaldian, sailkapen buru den Saski Axularren aurka neurtuko ditu indarrak Beñat Eleicegui eta Gaizka Urreiztiren taldeak

Maialen Chourraut kiroldegian jokatu zuen lehen partida talde urdin-beltzak. Lehia borrokatua izan zen eta azken minutuan erabaki zen pertsonaleko marran, 59-60.

Neurketako lehen zatia berdindua izan zen. Bi taldeak erasoan zein defentsan ongi moldatu ziren eta saskiratzeak txandakatzen joan ziren. Era horretara, 28-29 iritsi ziren atsedenaldira.

Hirugarren laurdeneko azken minutuetan hautsi zuen tonika etxeko taldeak. Saskiratze eta hiru jaurtiketa pertsonali esker, aurre hartu eta alde txikia irekitzea lortu zuen, 53-49. 

Azkeneko hamar minutuetan, bi taldeak garaipena eskuratzeko gogor ekin zioten eta defentsa lan ederra egin zuten. Tamalez Ostadarrek ezin izan zion errentari eutsi eta Donostiako taldeak berriro hartu zuen aurre. Azken minutua zirraragarria izan zen. Talde urdin-beltzak berdinketa (59-59) eskuratu eta Internacionalek erasoa jo zuen. Epaileak etxekoen aurkako falta seinalatu eta jaurtiketa pertsonalari esker, donostiarrentzako izan ziren garaipeneko puntuak.

Azken lehiak

Emaitza horrek sailkapeneko hirugarren postura eraman du Ostadar (15 p.) eta Eibarrekin puntutan berdindua dago. Multzoko lehen bi postuetan ere berdinketa bat dago, Saski Axular eta Internacional taldeek 16 puntu dituzte. 

Hilaren 27an, talde urdin-beltzak aukera berria du buruko lehian egoteko. Internacionalek atsedena du eta Saski Axular izango du aurkari Ostadarrek. Garaipena eskuratzeko astean zehar gogor egin du lan Beñat Eleicegui eta Gaizka Urreiztiren taldeak. Izan ere, neurketa borrokatua izango dela aurreikusten baitute talde urdin-beltzeko prestatzaileek.