Ostadar SKTko Redondo eta Jauregi atletak podiumean izan dira

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 24a, 13:00
Redondo (ezkerrean) eta Jauregi (eskuinean), podiumetan. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Eskolarteko Gipuzkoako txapelketako bigarren jardunaldia lehiatu zen Arrasaten, hilaren 21ean. Ostadar SKT-ko kideak zein Atletico San Sebastian taldeko Hodei Murgiondo herritarra lehian izan ziren eta hainbat probatan lehen postuetan izan ziren. Dominak ere jantzi zituzten herriko taldeko kideek

Zehazki, Eider Redondo eta Oier Jauregi izan ziren podiumera igo ziren atleta gazteak. Aurreko jardunaldiaren antzera, Redondo infantil mailako bi probatan izan zen garaile: luzera jauzian eta 80 m. lasterketan. Jauregik, aldiz, kolore ezberdineko bi domin eraman zituen etxera alebin mailan; zilarrezkoa, 60 m. lasterketan eta brontzezkoa, jauzi hirukoitzean. 

Horiez gain, finaletan izan ziren talde urdin-beltzeko hiru kide zein Atletico San Sebastian taldeko Hodei Murgiondo herritarra. 

Murgiondo infantil mailako pisu jaurtiketa proban bosgarren izan zen eta zortzigarren, 80 m. lasterketan. Ostadarreko kide Nahia Garcia alebina laugarren izan zen jauzi hirukoitzean, maila bereko Amelie Flores bosgarren izan zen vortex jaurtiketan eta Uxue Altuna infantila zazpigarren, 80 m. lasterketan. 

Jardunaldian parte hartu zuten Ostadar SKTko atletak. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Hurrengo lehiak

Hilaren 27an, aire libreko Adin txikiko zein Master mailako Gipuzkoako txapelketa jokatuko da Donostiako Kote Olaizola Mini Estadioan eta bertan izango dira herriko atletak.

Bestalde, maiatzaren 1ean, Donibane Lohizuneko Kechiloa Estadioan, Pirinioarteko Trofeoaren 2. edizioa lehiatuko da. Gipuzkoako selekzioak parte hartuko du lehian eta deialdia argitaratu du; Ostadar SKTko Aiala Ramos (xabalina jaurtiketa) eta Eider Redondo (luzera jauzia) daude zerrendan.