Espazioen gaia izan du ardatz hil honetako borobilak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 24a, 16:21

Saio berri bat aurrera eraman du Borobilean elkarteak. 'Lasarte-Oriak gaztetxea behar du?' lelopean, espazioen gaineko hausnarketa egin dute bertaratu direnek. Horretarako, gisa horretako espazioak martxan jarri dituzten lau eragiletako kideak gonbidatu dituzte saiora. Solasaldi ireki bezain emankorra izan da. 

 

Borobilean elkarteko kide gazteek proposatutako gaiaren ildotik aurrera eraman dute hil honetako borobila. Gazte horiek bildu, antolatu eta elkarbizitzeko  espazio baten beharra antzeman dute (hala erakusten du  espazioen inguruan egin duen lanketak), eta horren inguruan hausnartzeko asmoz aurrera eraman dute azken saioa. Horretarako, gainera, lau eragiletako kideak gonbidatu dituzte, horien eskutik gaiarekiko euren esperientzia eta bizipenak jasotzeko. 

Antolatzaileek Oriarte Landaberri institutuan bildutakoei ongietorria eman eta Añorgako Gazte Asanbladako kideei eman zieten hitza saioari hasiera emateko. Eta hizketarako gaia bideratu asmoz, antolatzaileek galdetu diete ea nola gaztetxearen kudeaketa eta administrazioarekiko harremana nolakoa den. Hizlariek azaldu dute erabakiak batzarrean hartzen saiatzen direla. Saio horiek irekiak direla ere aipatu du. Instituzioekin zer-nolako harremana duten galdetuta, erantzun dute "zorionez edo zoritxarrez" ez dutela erakundeekin harremanik eduki beharrekin. Kontatu dute  Cementos Rezola dela gaztetxearen eraikinaren jabea, eta lantegi horren lur horiek kudeatzen dituena, berriz, Añorga Kultur eta Kirol Elkartea. Azken horrekin duten harremana "ona" dela nabarmendu dute, eta, esan, elkarlana ere badagoela. Luze eta zabal jarraitu dute gaiaz hizketan, eta Añorgan espazio horren erabilera sorreran nola izan zen ere jakin ahal izan dute aretoan bildutakoek. Orduko testigantzak kontatu ditu saioa ikustera joandako kide batek. 

Orioko Etxeluze gaztetxeko kideen txanda izan da gero. Erabakiak zortzi bat kidek osatutako batzar bitartez hartzen dituztela azaldu dute horiek. Beste hainbat hizketagairen artean, azaldu dute belaunaldi arteko trasmisioa nola ematen den. Hori "era naturalean" gertatzen dela kontatu dute, kide berriak "kuriositatez" gerturatzen direla gaztetxera. Horrez gain, landu duten hezkuntza proiektu baten berri ere eman dute; horren helburua da herri ikastolako eta herri eskolako zein musika eskolako ikasleak, txikitatik, gaztetxearekin harremantzea. 

Usurbildarren txanda izan da gero; Herri horretako kulturgunearen izenean hitz egin dute bi hizlariek, Elkarguneaz; baina ez begirada horretatik bakarrik, izan ere, bi kideak udal ordezkariak ere badira, eta ikuspuntu horretatik ere bideratu dute euren azalpena. Azaldu dute oraindik definitu gabe dagoen proiektu bat dela, sortzen ari dena, eta gazteak, aisialdian dabiltzan hezitzaileak, kulturgileak batuko dituen "konfluentzia espazio bat" izango dela. Gaineratu dute une honetan Elhuyarrek dinamizatutako proiektuarekiko parte hartze prozesu batean murgilduta daudela, eta asmoa dela proiektu hori aurtengo ikasturtean definitzea. Kontatu dute Usurbil gaztetxerik gabe geratzeak gazte mugimenduak etenaldi bat eragin zuela, eta hori berpiztu asmoz, espazio baten beharraz hausnartzen hasi zirela. Horrela, herriko gainerako eragileen parte hartzearekin gai horri buruzko lanketa egiten hasi zirela. Ibilbide horrek gaurdainoko prozesura eraman ditu usurbildarrak. Gaineratu dute, egun, beste laurekin batera, Usurbilgo Udala ere badela proiektu horretan parte hartzen ari den eragileetako bat; ez hori bakarrik; erakundearentzat "proiektu izarretako bat" ere badela aipatu dute. Zehaztu dute une honetan eraikiko den espazio horren kudeaketa nolakoa izango den eta proiektuaren definizioa eta hori ixtea baino ez direla falta. 

Birunda Donostiako Alde Zaharreko gune autogestionatuko partaideek hitz egin dute gero. Euren ereduaz mintzatu dira, eta, azaldu, okupazioaren, transfeminismoaren eta beste zenbait esparruren eta mugimendutatik datozen kideak batu direla Birundan. Borobilaren antolatzaileek galdetu diete nolako aizan zen euren gunearen okupazioa, eta, esan dute, Alde Zaharrekoa okupatu aurretik, "gune periferikoago baten" espazioa okupatzeko saiakeraren bat egin zutela, baina horiek ezinezko izan zirela, eta horregatik hartu zutela Abuztuaren 31n dagoen espazioa. Azpimarratu dute bertan elkarbizi nahi dutenentzat "gutxieneko oinarri batzuk" zehaztuta dituztela, besteak beste espazioa, transfeminista, antikapitaslista, antifaxista, antiarrazista eta antiespezista dela . Epaiketa bat ere izan dute, eta horren gainean antolatzaileek egindako galderaren inguruan aipatu dute ez zela oso ondo joan, baina aterarazte agindurik egon ez denez, bertan jarraitzen dutela. Beste hainbat kontu ere izan dituzte ahotan, hala nola bizilagunekin elkarbizitza nolakoa izan den, edota zein etorkizun ikusten dioten guneari. 

Lasarte-Oriako gazteak

Gonbidatuen hitzartzeak amaituta, horien parte hartzea eskertu eta antolatzaileek beraiek hartu dute hitza. Kontatu dute gaur egun herriko gazteen beharren asegabetzea ·ukaezina· dela, eta Elebeltz espazio autogestionatuaz mintzatu dira gero. Aipatu dute haren galerak "izugarrizko zuloa" utzi zuela herrian, eta oraindik ere horren ondorioak pairatzen dituztela Lasarte-Orian. Hain zuzen ere, hori kontuan hartuta aldarrikatzen dute herriak gaztetxe bat behar duela, eta hainbat arlori begira jarriaz, gazteek topatzen dituzten problematikez mintzatu dira. Honako arloak jorratu dituzte: Gaztelekua, etxebizitzaren problematika, eztabaida politikoa eraikitzeko eskubidea, Lasarte-Oriako gazteen saretzea, eta kulturaren kontsumoa. Hala, euren hitzaldia amaitzeko azaldu dute komunitatea eta elkarlaguntza bultzatuz eraikiko dutela gaztetxea, eta horrek ahalbidetuko duela "gizarte indibidualista honetan denontzako espazio autogestionatu, seguru, feminista eta euskaldun bat eratzea".