Nahia Zudaire igerilariak lehiaketa ederra egin du Europako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 24a, 10:00
Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire, zilarrezko dominarekin. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire igerilariak hitzordu garrantzitsuari egin dio aurre. Zubietako igerilariak hilaren 21etik 27ra Madeiran, Portugalen lehiatzen ari den igeriketa egokitutako Europako txapelketan parte hartu du eta podiumera igo da igeri egindako bi probetan: S8 mailako 400 m. libre eta SB7 kategoriako 100 m. bular

Bietan finala jokatu du zuzenean eta zilarrezko eta brontzezko domina bana eskuratu ditu, hurrenez hurren. Espainiako errekor berria ere ezarri du bular proban.

Iraupen ertaineko proba izan zen lehena, hilaren 27an. Xenia Palazzo italiarra zuen aurkari Buruntzaldea IKTko kideak. Probako irtera eman eta uretara sartu bezain pronto burua hartu zuen italiarrak eta aldea irekitzen joan zen luzez luze. Zudairek atzetik bere lehia egin eta 05. 08,29 marka eginez, zilarrezko domina jantzi zuen.

Bi egun geroago, bular estiloko lehia izan zuen igerilari gazteak. Munduko txapelketan zer esana eman duen Iona Winnifrith britaniarraren –13 urte bete berri ditu eta txapelketa horretan bitan lortu du Europako txapeldun titulua– eta Mariia Pavlova kirolari neutralaren atzetik iritsi zen Zudaire helmugara. 01.32,79 marka eginez, bere marka ondu eta Espainiako errekor berria ezarri zuen Buruntzaldea IKTko igerilariak.

Joko Paralinpikoak

Lehiaketa amaitu du Zubietako igerilariak, baina aurtengo helburua Parisko Paralinpiar Jokoak dira eta Zudairek ez du atsedenik izango. 

Bere deialdia ziurra ez den arren, marka gutxienekoak eskuan ditu igerilari gazteak eta bigarrenez hitzordu garrantzitsuan egoteko aukera handiak ditu. Horregatik buru belarri ari da lanean eta horren adibide dira, azken hilabeteetako txapelketak zein Espainiako selekzioarekin hilabete hasieran Sierra Nevadan egindako alturako entrenamendua.

Euskadiko selekzioarekin

Txapelketei dagokionez, Mallorkako Palman, Balear Uharteetan, Igeriketa Egokituko Erkidegoen arteko Espainiako Txapelketan parte hartu zuen Zudairek Euskadiko selekzioarekin martxo amaieran.

Marka pertsonalik lortu ezin izan zuen arren, lehen postuetan izan zen igerilaria. 200 m. libre (02.34,74) eta 100 m. bular (01.36,01) probetan garaile izan zen. 50 m. tximeletan ere podiumera igo zen; hirugarren izan zen (38,71). Eta, azkenik, zazpigarrena sailkatu zen 100 m. libre (01.11,81) saioan.