Ostadar SKTk ezin izan du Euskadiko txapelketan aurrera egin

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 23a, 15:55
Junior mailako Euskadiko txapelketa lehiatu zuten jokalariak eta prestatzailea. Arg.: Ostadar Boleibola.

Boleiboleko Junior mailako Euskadiko txapelketa jokatu zen hilaren 20an, Getxon. Lehiakideen artean, Ostadar Boleibola ataleko 2. mailako Euskal Ligako taldea izan zen. Talde urdin-beltzak lehia ederra egin arren, ezin izan zuen final laurdenetatik pasa

Asier Acuriola entrenatzaileak azaldu duenez, "2. mailako Euskal Ligako taldearen muina junior mailako jokalariez osatua dago eta jubenil batzuek indartuta txapelketan parte hartzeko aukera izan dugu".

Final laurdeneko zozketan ez zuten zorterik izan, ordea. Azken bi urteetan txapeldun izan den Sestao izango zuen aurrez aurre, gerora txapeldun orde izango zen talde bizkaitarra.

Hala ere, gogo eta ilusio handiz egin zion aurre taldeak erronkari eta tantoak ederki borrokatu zituen. Baina Sestaoko taldeak ez zuen huts egin nahi. Talde urdin-beltzaren ahulguneak bilatu eta hutsak baliatuz neurketa 25-13 eta 25-21 eskuratu zuten bizkaitarrek. 

Neurketan erakutsitako jokoarengatik, Ostadarrek lehen lauen artean egotea merezi zuela uste du entrenatzaileak: "Talde lehiakorra eraman genuela uste dut. Laurdenetan Sestaori ongi egin genion aurre. Baina gurea baina maila gorenetan lehiatzen diren jokalariak ditu eta horrelako talde baten aurka akatsek balio handia dute. Pena bat izan da".

Horrez gain, taldeak eta prestatzaileak eskerrak eman nahi dizkie txapelketan animoak ematera joan ziren senide eta Ostadarreko maila ezberdinetako taldeetako kideei: "Guztira 52 pertsona joan ginen autobusean Lasarte-Oriatik. Festa egun ederra izan zen guztiontzat". 

Taldeak eskerrak ematen nahi dizkie eurekin izan ziren senide eta lagunei. Arg.: Ostadar Boleibola.

Denboraldi amaiera

2. mailako Euskal Liga taldeak denboraldiari agur esan dio txapelketa hori jokatuz. Jokalariei dagokionez, gehienek atseden izango dute. "Hurrengo hilabetean entrenamendu saioak amaituko ditugu, baina bada hondartzako boleibol txapelketa jokatzera animatuko den jokalaririk," azaldu du Acuriolak.

Entrenatzaileak ez du atsedenik izango, ordea; hurrengo denboraldia prestatzen hasiko da eta. "Ostadar Boleibol sailak urte hauetan egindako lanari jarraipena emateko gogor egin behar dugu lan," aipatu du.